Ekonomia -

Ertzaintzaren txostena

De Miguelek kontratu publikoen % 4ko komisioa kobratu omen zuen

Irailaren 8an, Gasteizko instrukzioko laugarren epaitegiak De Miguel kasuko auzipetu gehienak deituko ditu.

De Miguel auziaren txostena aztertzeko aukera izan du EITBk

01:42

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzaren Ekonomia Delituetarako Taldeak Alfredo de Miguel diputatu ohiak eta gainerako auzipetuek kontrolatzen zituzten enpresa taldeari buruzko auzia argitzeko txostena aurkeztu du. 167 orrialdetan, Ertzaintzak funtzionarioak erostea, kapitalak zuritzea eta eragimen-trafikoaren delituak erakusten dituzten ebidentziak dauden aztertu du eta, txostenak adierazi duenez, gutxienez bitan, kontratu publikoen % 4ko komisioa kobratu omen zuen De Miguelek.

Zehazki, kontabilitate-liburuetan zera agertzen zen: Kataia % 4. Kataia Consulting enpresako administratzaileak auzipetu nagusien emazteak dira. Mezu elektroniko eta ohar bitartez sozietate horri zentzua emateko elektrizitatea kontratatzea, ibilgailua alokatzea, dietak fakturatzea eta administratzaileen sakelako telefonoak gehitzea erabaki zuten. Kasu horretan, Lapuebla de Labarcan eta Zigoitian lanak egiteagatik % 4 kobratu omen zuten.

Ekonomia Delituetarako Taldeak ikertu duen beste enpresetako batek, Errexal izenekoak, Eusko Jaurlaritzak bigarren gazte plana egiteko eskatuko ziola hilabete eta erdiko aurrerapenarekin jakin izana azpimarratu du. Gainera, auzipetuetako batek egin ez diren lanengatik Eusko Jaurlaritzaren dirua jaso dutela onartu omen du De Miguelen arrebari bidalitako mezu elektroniko baten bidez.

Horrez gain, kontabilitate-liburuetan etengabe aipatzen dira diru beltzarekin egindako kobrantzak. Ertzaintzak auzipetuen enpresen arteko diru mugimenduak daudela azaldu du eta 500 euroko diru-sarrerak egiten zituztela esan du. Dirudienez, teknika hori erabili ohi da kapitalak zuritzeko operazioetan.

Txostenaren arabera, De Miguelek, besteak beste, Kataia, Errexal, Ortzi Muga eta Eskalmelo enpresak kontrolatzen zituen, baina ez zuen dokumentu publikoetan bere izena jabe bezala agertzerik nahi. Hala ere, ez dute EAJk legez kanpoko finantziaziorik izan zuela esateko zantzurik aurkitu.

Auzipetu berriak

Txosten berean, Ekonomia Delituetarako Taldeak auzipetu berriak eragin ditu; Aintzane de Miguel, Alfredo de Miguelen arreba, besteak beste. De Miguelen arreba hainbat enpresatako kontabilitatearen arduraduna zela eta, epailearen aurrera deituko dute irailean. Horrela, 18 dira dagoeneko De Miguel kasuan auzipetuak.

Irailaren 8an, Gasteizko instrukzioko laugarren epaitegiak De Miguel kasuko auzipetu gehienak deituko ditu. Roberto Ramos epaileak eta Josu Izaguirre fiskalak Ertzaintzaren Ekonomia Delituetarako Taldeak egin duen txostenarekin kasua argitzen saiatu nahi dute eta auziko protagonistekin ondorioak atera nahi dituzte. Txosten horri esker, gainera, beste hainbat pertsona auzipetu dituzte: Pablo larrabide Ipar Kutxaren Arabako arduraduna; Josu Arruti jeltzalea; Aintzane de Miguel, De Miguelen arreba; eta Prudencio Hierro eraikitzailea.

Eusko Jaurlaritzaren ikerketa batzordeak ere irailean ekingo dio lanari berriro, eta 8 agerraldi berri egingo ditu. Ondorioen txostena urtea amaitu baino lehen bukatuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea