Ekonomia -

Krisi ekonomikoaren ondorioak

Enbargoek eskubideak urratzen ez dituztela uste du Konstituzionalak

Sabadelleko epaitegi batek konstituziokontrakotasuneko helegitea aurkeztu zuen 2010eko irailean, baina Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bahituren bidez hipotekak ordaintzen ez dituzten bezeroen etxebizitzak bereganatzeko aukera dute finantza-entitateek. Enbargo horiek oinarrizko eskubiderik urratzen ez dutela erabaki du Auzitegi Konstituzionalak, ondorioz, ez dira Konstituzioaren kontrakoak.

Sabadelleko epaitegi batek konstituziokontrakotasuneko helegitea aurkeztu zuen 2010eko irailean, baina Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du gaur argitaratutako autoan. Enbargoek babes judizial eragingarriaren eskubidea urra zezaketela uste zuen Kataluniako epaitegiak, baita etxebizitza duin bat izateko eskubidea ere. Hipoteken "baldintza neurrigabeak" aztertzeko aukerarik ez zegoela argudiatu zuen epaitegiak.

Auzitegi Konstituzionaleko magistratuen hitzetan, "oinarririk gabeko" salaketa da, izan ere, enbargoen araudia sententzia batek baino gehiagok (aurrenekoa 1981ean) berretsi dute dagoeneko. Etxebizitzen jabeek prozesua geldiarazteko dituzten murrizketak legearen kontrakoak ez direla baieztatu dute epai horiek.

Boto partikularra

Hala ere, Eugeni Gay epaileak boto partikularra eman du Konstituzionalaren autoan. Ebazpenak "garrantzi sozialeko eta Konstituzionaleko" osagaiak aztertzen ez dituela kritikatu du Gayk, horien artean, egungo egoera ekonomikoa aipatu du, izan ere, 80ko hamarkadaren oso bestelakoa da.

Horrela, krisia hasi zenetik enbargoak biderkatu egin dira, 2007an 25.943 izan ziren, eta 2010ean 93.622 (errekorra).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea