Ekonomia -

Koronabirusa

Ekaineko hezkuntzako lan-eskaintza publikoa atzeratzea erabaki du Hezkuntza Sailak

EAEko unibertsitateetan eta gainerako hezkuntza-sisteman egutegi akademikoari eutsiko zaio, Batxilergoko 2. mailan eta gradu-amaierako, tesiko, masterreko edo praktiketako lanetan izan ezik.

Cristina Uriarteren artxiboko argazkian. Radio Euskadi.
Cristina Uriarteren artxiboko argazkian
Hezkuntza sailak adierazi du ''ezinezkoa'' dela LEP azterketa ekainaren 20an egitea

2:02

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Radio Euskadiko "Boulevard Informativo" saioan azaldu duenez, Euskal unibertsitateekin eta Kalitatearen Agentziarekin koordinatuta lan egiten ari dira, "ikasturtea urrutiko prestakuntzarekin osatzeko, baina aurrez aurreko jarduera akademikoa ere izango da".

Hezkuntza sailburuak gaineratu du planifikatutako egutegi akademikoari eutsiko zaiola, salbu eta "gradu amaierako lanetan, master amaierako lanetan, doktore tesietan, praktiketan edo ebaluazio aldietan".

EAEko gainerako hezkuntza-sisteman, "ez dakigu zein izango den aurrez aurreko jarduerara itzultzeko unea". Itzulera hori nola egin lantzen ari dira eta "ikasturtea ekainaren 30ean amaitzea nahi dute, baina salbuespen batzuk egon daitezke, adibidez, batxilergoko 2. mailako egutegia uztaileko lehen astera luzatu ahal izatea".

Argi dute "ikasleak ezin direla krisi honetatik kaltetuta atera", eta "inolaz ere ez dugu aurreikusten koronabirusak ikasturtea errepikatzea, ikasturtearen bilakaera txarra zeramaten ikasleen kasuetan izan ezik".

Selektibitatearen harira, "ohiko bilkuraren datak uztailaren 6 ,7 eta 8koak dira, eta apartekoak uztailaren 20, 21 eta 22koak"; hasiera batean, selektibitatea "aurrez aurrekoa" izatea aurreikusten da.

Ekainaren 20rako aurreikusita zegoen lan-eskaintza publikoa "ezingo da izan", eta oraingoz ez dago datarik, nahiz eta Uriartek ez duen aurreikusten uda aurretik egin ahal izango denik.

Lan-eskaintza publikoaren lehen proba hori egiteko data berria osasun krisiaren bilakaeraren arabera zehaztuko dute, eta aurrez sindikatuetako ordezkariekin bilduko dira.

Ildo horretan, Olatz Garamendi Hezkuntzako sailburuordeak bideokonferentzia bidez bilera egin du sindikatuetako delegatuekin, lan-eskaintza publikoa atzeratzea ebatzi dutela jakinarazteko.

Oposaketarako data berehala zehaztea eskatu du ELAk

Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin bildu ostean, ELA sindikatuak oharra kaleratu du lan-eskaintza publikoko frogarako data berria oraindik zehaztu gabe egotea onartezina dela salatuz.

"Data finkatu gabe egotea milaka hautagaientzako txarra da, eta egoera honek hezkuntza sistemari berari ere kalte egiten dio", ohartarazi dute.

Gauzak horrela, oposaketarako data berria lehenbailehen zehazteko eskatu dio ELAk Jaurlaritzari.

Horrez gain, lanpostuak egonkortzeko prozedurak negoziatzeko eta horrela hezkuntzako behin-behinekotasun tasa onartezinarekin amaitzeko proposamena luzatu dio berriro ere sindikatuak Urkulluren Gobernuari.

Bestalde, CCOOk jakinarazi du lan-eskaintza publikoaren proba 2021eko ekainean egitea proposatu dutela sindikatuek.

Halaber, hezkuntza sistema publikoan ematen ari diren baja guztiak ordezkatzeko galdegin dute. Alabaina, "ordezkapenak egiten Aste Santuko oporren ostean hasiko direla eta baja guztiak ordezkatuko ez dituztela erantzun digute", adierazi du CCOOk ohar batean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Lan Eskaintzak