Ekonomia -

Saio erdian

Espainiako burtsak % 2,18 galdu du, asteleheneko porrotaren ostean

Arrisku saria 386 puntutan kokatu da saioaren amaieran. Gainera, burtsak urteko beste minimo bat lortu du -9.114 puntu-, nazioarteko burtsetako galerek eta zorraren merkatuko salmentek bultzatuta.

Ibex 35 burtsako grafikoa. Argazkia: EFE.
Ibex 35 burtsako grafikoa. Argazkia: EFE.
Espainiako arrisku sariak errekorrak hausten jarraitzen du

01:59

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen honetan Espainiako burtsak % 3,24ko galera jaso ostean -azken 13 hilabeteetako beherakadarik handiena-, Ibex 35 indizeak behera egin du berriro astearte honetan. Gaurko saioan % 2,18 galdu du eta 9.114 puntutan kokatu da, 2010eko uztailean lortutako maila bera. Nazioarteko burtsetako galerek eta zorraren merkatuaren salmentek bultzatu dute gaurko beherakada. Halaber, 386 puntutan amaitu du eguna arrisku sariak, goizean 400 puntu gainditu ostean.

Europako burtsek ere behera egin dute: Milanek % 2,53; Frankfurtek % 2,26, Euro Stoxx indizeak % 1,87, Parisek % 1,82 eta Londresek % 0,97.

Wall Streetek bart % 0,1 jaitsi eta gero, Espainiako burtsak galerekin ireki du gaurko saioa. Arrisku saria 400 puntu gainditu dituenean, horrek merkatu nazionalaren beherakada bultzatu du, zorraren merkatuko salmentek lagunduta.

Horrela, merkatuak muzin egin die zorraren muga handitzeko AEBetako Kongresuak onartutako akordioari eta Espainian uztailean eman den langabeziaren beherakadari (42.000 langabe gutxiago).

Irekieratik ordubete batera, irabaziak itzuli dira burtsara baina laster, beheranzko joera hartu du.

Zapaterok oporren hasiera atzeratu du eta hainbat buruzagiei telefonoz deitu die (tartean, Barroso Europako Batzordeko presidenteari, Mario Rajoyi eta Iñigo Urkulluri) egoeraren berri emateko eta honi aurre egiteko martxan jarriko dituen neurriei buruz mintzatzeko. Horrek burtsa zertxobait baretu du eta zenbait ordutan 9.300 eta 9.250 punturen artean ibili da.

Espainiako merkatuko balore handiek jasan dituzte galerak: Santanderrek % 2,82; BBVAk % 2,81; Repsolek % 2,3; Iberdrolak % 1,24; eta Telefonicak % 1,01.

Jose Blanco: "Arrisku sariaren igoera behin-behinekoa da"

Jose Blanco Gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, astearte honetan Espainiako burtsan eman den arrisku sariaren igoera "behin-behinekoa" da eta "AEBetako gorabehera ekonomikoek bultzatu dute".

Espainian porrot ekonomikoaren arriskurik ote dagoen galdetu diote Blancori eta honen esanetan, "Espainiako zorraren diferentzialak gora egin du, AEBetako egoeraren ondorioz, merkatuetan izan diren tentsioengatik". Gobernuko bozeramailearen iritzian, "uztailak oso izaera aldakorra du" eta operazio kopuru gutxi daudenez, "litekeena da horrelako gauzak jazo izana".

CiU: "Espainiako egoera oso larria da"

Zapaterorekin hitz egin ostean, Espainiako egoera "oso larria" dela aitortu du Josep Duran i Lleida CiUko bozeramaileak. "Une hauetan arazoa ez da Espainia, AEBetako egoerak eta Italiako ekonomiaren ahultasunek eragindakoak baizik", adierazi du Duranek, "Espainiako ekonomiak dituen ahultasunak baztertu gabe".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea