Ekonomia -

Koronabirusa

Ekonomia osasunaren aurretik jartzea leporatu dio gehiengo sindikalak Jaurlaritzari

LABek adierazi du adi egongo dela, enpresek ez dezaten "zirrikiturik" erabili martxan jarraitzeko. ELA, CCOO eta UGT sindikatuen ustez, albiste ona da jarduera etetea.

Artiacheko langile bat. Argazkia: EiTB
Artiacheko langile bat. Argazkia: EiTB
Artiacheko langile bat. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sindikatuek begi onez jo dute Espainiako Gobernuak oinarrizkoa ez den jarduera ekonomiko oro eten izana, baina berandu iritsi dela uste dute.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak ohartarazi du sindikatua adi egongo dela patronalak neurri horren inguruan hartuko duen jarreraren aurrean, "salbuespenei zirrikiturik ireki ez diezaioten".

Aranburuk prentsa-ohar batean adierazi duenez, langileak "kezkatuta" daude "gaur oraindik ez zekitelako lanpostura joan behar zuten ala ez".

Buruzagi sindikalak patronalari egotzi dio mezu "katastrofista" zabaldu duela neurriaren inguruan, eta, bere ustez, "argi" ikusi da "interes ekonomikoak osasunaren gainetik" jarri dituela "modu arduragabean".

ELAren esanetan, "albiste ona" da Espainiako Gobernuarena, baina "duela egun batzuk" hartu beharrekoa zela iritzi dio, eta Jaurlaritzak "patronalaren interesak herritarren osasunaren gainetik" jartzen jarraitzen duela salatu du.

Erabakia lehenago hartu behar zela azpimarratu du ohar batean, "agerikoa zelako lantokiak kutsatzeko guneak zirela".

ELAk gogora ekarri duenez, azken asteotan neurri horixe aldarrikatu du, "zientzialariek eskatzen zuten moduan". Sindikatuak esan du "zalantzagarria" dela oinarrizkoen zerrendan sektore batzuk sartu izana, baina "osasun publikoa eta normaltasunera ahal den azkarren itzultzea lehenestea neurri positiboa" dela.

Bestalde, Raul Arza UGT Euskadiko idazkari nagusiak adierazi duenez, Espainiako Gobernuak osasun alorreko adituen aholkuei jarraituta hartu badu erabakia "egokiena" izango da, baina, erkidegoei erreferentzia eginez, nahiago zuen "guztion adostasuna".

Efe albiste-agentziari emandako azalpenetan, UGTk bat egin du Espainiako Gobernuak agertutako "beharrarekin", "lehenengo langileen osasuna" dagoelako koronabirusaren zabalkundearen aurrean..

Loli Garcia CCOO Euskadiren idazkari nagusiak, berriz, esan du "zentzugabeak" izan zirela Espainiako Gobernuaren "moduak", "nahasmendu handia" sortu dutelako.

Aipatu albiste-agentziari nabarmendu dionez, Espainiako Gobernuaren jokabideak "nahasmendu eta zalantza handiak sortu ditu, eta hori ez da ona langileentzat eta enpresentzat".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA LAB Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sindikatuak CCOO UGT Koronabirusa