Ekonomia -

KORONABIRUSA

Errenta online egitera animatu du Gipuzkoak eta modalitate mekanizatua atzeratu du

Internet bidezko aitorpenak apirilaren 15etik aurrera aurkeztu ahal izango dira.

Errenta aitorpena egiteko bulego bat. Irudia: EFE
Errenta aitorpena
Errenta aitorpena egiteko bulego bat. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019ko errenta kanpainaren aitorpena online aurkezteko eskatu die Gipuzkoako Ogasunak lurraldeko zergadun guztiei, "etxetik mugitu gabe". Kanpaina honetan, errenta aitorpena aurkezteko modalitate mekanizatua atzeratu egin dute, datarik gabe, COVID-19a dela eta.

Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, Jokin Perona Ogasuneko zuzendariak eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordeak agerraldi birtual batean aurkeztu dituzte kanpainaren berrikuntza nagusiak. Astelehenean hasiko da kanpaina, egungo alarma-egoerak baldintzatuta.

Larrañagak argitu duenez, gaur egun "ez dute aurreikusten" errenta mekanizaturik gabeko agertoki bat, baina baliteke modalitate horren epea aurreko ekitaldietakoa baino laburragoa izatea. Nolanahi ere, "egoera normalizatu arte" itxaron beharko da datak jartzeko.

Foru diputatuak azpimarratu duenez, kanpainaren % 100 modu telematikoan egitea da helburua, eta zergadun guztiak animatu ditu aitorpenak online aurkeztera. Izan ere, Ogasunak bide berriak jarri ditu izapide hori errazteko, telefono bidezko arreta-zerbitzuan lan egiten duten langileak nabarmen indartuko direlako (943 113 000), urrats guztietan lagunduko dutelako eta ekintza hori beste pertsona baten esku uzteko prozesua erraztuko delako.

Larrañagak "beldurrik ez izateko" eskatu die herritarrei, eta aitorpena Zergabide plataformaren bidez aurkeztera ausartzeko. Plataforma horrek garrantzi berezia hartuko du kanpaina honetan. Orain arte bezala, autolikidazio proposamena deskargatu, aldatu eta onartu ahal izango da, baita Ogasunak dituen zerga datuak eskuratu ere, behar izanez gero osatzeko eta izapide osoa amaitzeko.

Pandemia dela eta, hilabete batez luzatu behar izan dira, uztailaren 29ra arte, kanpainaren datak. Bertan, aurreikusita zegoen bezala, Ogasunak bidalitako 257.714 autolikidazio proposamenak datorren astelehenetik aurrera onartu ahalko  dira. Internet bidezko aitorpenak apirilaren 15etik aurrera aurkeztu ahalko dira.

Kanpainaren datu nagusiei dagokienez, Aldundiak 390.000 aitorpen jasotzea espero du, aurreko kanpainan baino 7.000 gehiago, eta guztira 288,8 milioi itzultzea eta 264,2 milioi jasotzea aurreikusten du; beraz, Ogasunak 24,6 milioiko saldo negatiboa izango du.

Ondarearen gaineko Zergaren kanpainari dagokionez (apirilaren 15etik uztailaren 29ra bitartean egingo da), aurreikuspenen arabera, 60,9 milioi euro bilduko dira, aurreko urtean baino % 2,2 gehiago.

Ogasunak 7.950 aitorpen tramitatzea espero du, aurreko ekitaldian baino 103 gehiago, eta horietako bakoitzak, batez beste, 7.660 euro sartuko ditu Foru Aldundiaren kutxan. Igoera hori batez ere burtsako merkatuek 2019an izandako portaera positiboak eragingo du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Errenta aitorpena EAE albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa Zerga politika gaur Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak