Ekonomia -

Lan-istripua

Langile bat hil da Arrigorriagako industrialdeko tailer batean

Beharginak 57 urte zituen eta Berasategi tailerrean egiten zuen lan. Sindikatuek 24 orduko lanuztea deitu dute ostiralerako.

Ertzaintza, istripua gertatu den lekuan. Argazkia: Iker Salgado.
Ertzaintza, istripua gertatu den lekuan
Behargin bat hil da Arrigorriagan izandako lan-istripu batean

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langile bat hil egin da Arrigorriagako Txako industrialdeko tailer batean lanean ari zela, Segurtasun sailak aditzera emandakoaren arabera.

Lan-istripua 07:00ak aldera gertatu da eta, lehen informazioen arabera, hildakoa altuera handi batetik erori da.

ELA sindikatuak ohar batean aditzera emandakoaren arabera, hildako beharginak 57 urte zituen eta Talleres Berasategi enpresako langilea zen.

Sindikatuak azpimarratu duenez, dagoeneko 23 behargin hil dira Euskadin eta Nafarroan aurten izandako lan-istripuetan. Horiei, Zaldibarreko zabortegian harrapatuta hil ziren bi langileak gehitu behar zaizkie.

Bestalde, LAB sindikatuak salatu du enpresa horretan asteartean bueltatu zirela lanera,  "eta oraindik ez dute koronabirusari aurre egiteko protokolorik aurkeztu".

"Une gogorrak bizi ditugu, langileriak nahiz gizarteak, oro har. Lanera bueltatzera behartu gaituzte, gure osasuna eta bizitza bermatu gabe eta egoera kontrolpean izan barik. Erakunde publikoek eta patronalek diruari eman diote lehentasuna, beharginen bizitzaren kaltetan", kritikatu du ohar batean.

Talleres Berasategi enpresako langileek 24 orduko lanuztea egingo dute ostiral honetan eta, eguerdian, elkarretaratzea egingo dute lantegiaren aurrealdean lan-istripua salatzeko, ELA, LAB, ESTEE eta ESK sindikatuek deituta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB albisteak Lana Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Arrigorriaga Albisteak Osasun albisteak Euskal sindikatuak