Ekonomia -

Tentsioak merkatuetan

Espainiako burtsak beherakada moteldu eta % 0,36 galdu du

Espainiako arrisku sariak berriro egin du behera eta 271 puntutan kokatu da. Astearte honetako saioan, Wall Streetek % 3,98 egin du gora.

Ibex 35 indizearen grafiko bat. Argazkia: EFE
Ibex 35 indizearen grafiko bat. Argazkia: EFE
Espainiako burtsak ez dio probetxurik atera Wall Streeten gorakadari

01:47

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Balore handien galerek behera eraman dute Espainiako burtsa astearte honetako saioan. Horrela, Madrilgo plazak ez du Wall Streeteko gorakadaz baliatu eta saioaren amaierarako, % 0,36 galdu du. Wall Streetek gora egin du astearte honetako saioan. Gorabehera handiak izan dira astearte honetako ekitaldian eta Dow Jones AEBetako indize nagusienak % 3,98 egin du gora. Honi esker, 11.000 puntuak berreskuratu ditu.

Espainiako burtsan galerak izan diren zortzigarren eguna izan da astearte honetakoa. Ibex 35 Espainiako burtsaren indize nagusienak 30,50 puntu galdu ditu, hots, % 0,36, eta 8.428,90 puntutan kokatu da, 2009. urteko apirilean lortutako maila bera. Ekitaldi honetan pilatutako galerak % 14,51koak dira.

Halaber, arrisku sariak ere behera egin du, hirugarren egunez jarraian, eta 271 puntutan amaitu du saioa. Zor publikoa erosteko Europako Banku Zentralak iragarritako erabakiak baikortasuna eragin du merkatuetan. Ondorioz, 10 urterako Espainiako bonoaren errentagarritasuna % 5,08an kokatu da, joan den abenduan lortutako ehunekoa.

Euroa 1,421 dolarrean dago eta Europako burtsa nagusienek behera egin dute Madrileko plazak itxi baino lehen: Frankfurtek, % 1,2; Euro Stoxx 50 indizeak, % 0,7; eta Milanek, % 0,2. Londresek, berriz, % 0,9 irabazi du eta Parisek, % 0,4.

Espainiako merkatuaren balore handien artean, bakarrik Repsolek izan ditu mozkinak (% 0,89 egin du gora). Telefonicak, BBVAk, Iberdrolak eta Banco Santanderrek, ostera, behera egin dute, % 1,36, % 1, % 0,45 eta % 0,33, hurrenez hurren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea