Ekonomia -
Enkante eraginkorra
Espainiako Altxorrak 5.695 milioi euroko zor jaulkipena egin du
Uztaileko enkantean baino interes baxuagoan saltzea lortu dute. Eskari handia izan da eta aurreikusitako kopurua saldu dute ia.
Erredakzioa
Espainiako Altxorrak 5.695 milioi euroko jaulkipena egin du 12 eta 18 hilabeterako letretan. Eskari handia izan da enkantean, saldu duten kopuruaren bikoitza, eta uztaileko enkanteko interesa murriztea lortu dute.
Urtebeterako letretan 4.154,91 milioi euro saldu dituzte % 3,4ko interes marjinalarekin, eta urte eta erdirako letretan 1.541,28 milioi euroko zorra saldu dute % 3,65eko errentagarritasunarekin. Horrela, uztailaren 19an izandako enkantean baino interes tasa baxuagoan saldu dituzte letrak, orduan % 3,76ko interesarekin egin baitzuten.
Enkante eragingarria izan da. Gaurko saioan 5.000 eta 6.000 milioi euro artean saltzea aurreikusita zegoen eta aurreikuspena bete egin da, zor hori erosteko eskaria, berriz, 13.882 milioi eurokoa izan da, agerian geratu da, beraz, inbertitzaileek Espainiako zorra erosteko duten interesa.
Europako Banku Zentralak (EBZ) Espainiari eta Italiari laguntzeko zorra erosi duela jakin ondoren egin den lehen zor jaulkipena izan da gaurkoa.
Atzo ezagutarazi zutenez, EBZk 22.000 milioi euroko zor subiranoa erosi zuen lehengo astean, Espainiako, Italiako, Portugalgo eta Irlandako bonoak barne.