Ekonomia -
Zalantzak merkatuetan
Europako burtsek ezkor hartu dute Merkelen eta Sarkozyren ituna
Frantziak eta Alemaniak adostutakoa ez zaie gehiegi gustatu Europako merkatuei eta galerekin hasi dute saioa, baina arratsaldeko lehen orduan joera aldatzea lortu dute. Jarraitu burtsaren bilakaera.
Erredakzioa
Europako burtsa nagusiei ez zaie gehiegi gustatu Merkelek eta Sarkozyk adostutako akordioa, eta galerekin hasi dute saioa. Baina, apurka-apurka jaitsierak arintzea lortu dute eta batzuk irabazien aldean jarri dira. Hala, Parisko burtsa % 0,55 irabazten jarri da, Londreskoa, berriz, % 0,33 ari da galtzen.
Madrilgo burtsako indize nagusia, Ibex 35, gainerakoen moduan indartzen hasi da, eta positiboan jartzea lortu du. Selektiboa % 0,8 inguru galtzetik % 0,5 irabaztera pasa da. Bankuen sektorea da jaitsierarik handiena izaten ari dena. Frantziak eta Alemaniak finantza sektoreari zerga bat ezartzeko proposamena egin zuten atzo eta ondorioz, galera handiak pilatu dituzte bankuek.
Halaber, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak gastu publikoa zorrotzago begiratzeko formula baten aldeko apustua egin zuten merkatuetan konfiantza berrezarri eta egungo krisiari aurre egiteko.
Euroguneko lurraldeetan defizitari gehieneko muga jartzeko proposamena ere egin zuten bi agintariek eta Konstituzioan jaso beharko litzatekeela azaldu zuten, Eurobonoak sortu edota Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsa handitu baino lehen.
Arrisku saria
Espainiako arrisku saria 268 puntutan da, Portugalgo Altxorrak egingo duen zor jaulkipenari adi.