Ekonomia -

KORONABIRUSA

Ibilgailuen azterketa igarotzeko milaka dei jaso dituzte EAEko IATak

Ibilgailuen azterketa teknikoetako arduradunek adierazi dutenez, "jende guztia artatzen saiatzen ari gara", eta bezeroak Internet bidezko hitzorduetara bideratzen ari dira.

Erabiltzaileak ilara egiten Trapagaranen (Bizkaia) bere ibilgailuaren IAT pasatzeko. Argazkia: EFE
Erabiltzaileak ilara egiten Trapagaranen (Bizkaia) bere ibilgailuaren IAT pasatzeko
Erabiltzaileak ilara egiten Trapagaranen (Bizkaia) bere ibilgailuaren IAT pasatzeko. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Ibilgailuen Azterketa Teknikoen (IAT) geltokiek milaka gidariren deiak jaso dituzte konfinamenduan iraungi baitzaie ibilgailuen azterketa teknikoa, eta normaltasunera itzultzen saiatzen dira, bezeroak Internet bidezko aurretiazko hitzorduetara bideratuz.

Guztira, TUV-Rheinland, Itasua, Itelink eta Applus enpresek kudeatzen dituzte ibilgailuak ikuskatzeko Gipuzkoan (Irun, Urnieta, Bergara eta Zarautz), Bizkaian (Zornotza, Trapagaran, Arrigorriaga eta Zamudio) eta Araban (Jundiz) dauden bederatzi estazioak, eta baimena dute, deseskalatzearen 1. fasean baitago EAE, joan den astelehenetik instalazioak irekitzeko.

Urnietako eta Irungoak aitzindariak izan ziren astelehenean bertan pertsianak altxatzen; lehenak 36.000 dei jaso zituen, eta bigarrenak 12.000.

"Baldintza hauetan ezinezkoa da eskaera guztiei erantzutea", azaldu dio Alfonso Artola TUV-Rheinlandeko zuzendariak EFE albiste agentziari, eta, hala ere, "jendeu guztia artatzen" saiatzen ari direla azaldu du; horretarako, egoera kudeatzeko modurik onena hitzordua eskatzea da, webgunearen bidez.

"Administrazioko langileak pil-pilean egon dira, eta konturatu gara web orriari kosta egiten zitzaiola une batzuetan kargatzea, baina gero ez da inolako gorabeherarik izan", nabarmendu du Itxaso Larrauri Itasuko instalazioetako komunikazio arduradunak.

Une honetan, lineek "normaltasunez" funtzionatzen dute, baina IATen bezeroek eta langileek egokitu egin behar izan dute osasun- eta segurtasun-protokoloek ezarritako errealitate berrira, bai eta hartutako ibilgailuak ikuskatzeko prozeduran izandako aldaketetara ere, birusaren hedapena saihesteko.

Horrela, instalazioetan babes neurriak jarri dituzte administrazioko langileen eta bezeroen artean, eta aforoa harrerako espazioetara mugatu da; ikuskapen-fasean, berriz, langilea ezin da autoen barrura sartu eta bezeroak ezin du autotik irten.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa