Ekonomia -

Udal fiskalitatea

Bilboko zergak % 2,5 igoko dira, bi urtez izoztuta egon eta gero

Adibidez, Bilbobuseko bidaia arruntak 1,20 euroko kostua izango du, autoa ordubetez TAOn aparkatzeak 1,13koa eta garabiak ibilgailua kentzeak 100ekoa.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak % 2,5eko batez besteko igoera ezarriko du zerga eta tasa gehienetan, Marta Ajuria Ogasun zinegotziak jakinarazi duenez. Azken bi urteetan, zergak izoztuta izan dira Bizkaiko hiriburuan.

Udal agintarien esanetan, igoera "biguna" da, eta uztaileko KPI baino sei hamarren txikiagoa izango dela gogorarazi dute.

Hain zuzen ere, Bilbobusen tarifa % 2,66 igoko da, eta ondorioz bidaia arruntak 1,20 euro balioko du. TAO % 3,22 igoko da, eta autoa ordubete aparkatzeak 1,13 euro kostako du. Halaber, garabiak ibilgailua kentzeak 100 euroko kostua izango du.

Zabor bilketa, estolderia eta osasun zerbitzuak, suhiltzaileak eta poliziaren jarduera bereziak % 2,5 garestituko dira.

Era berean, zerga eta tasa batzuk izoztu edo murriztu egingo dituzte, jarduera ekonomikoa sustatzea xede. Adibidez, Jarduera Ekonomikoen Zerga izoztu egingo dute.

Izozte eta murrizketa neurri horiekin, Udalak 8,5 milioi euro gutxiago irabaziko ditu, baina balantza % 2,5eko igoerarekin orekatuko dute. Horrenbestez, 2012 urterako diru-sarrerak ez dira aldatuko, aurtengo datuekin alderatuta.

Udalak zorrik ez izatea lortu du aurten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea