Ekonomia -

KORONABIRUSA

Eusko Jaurlaritzak IAT pasatzeko epeen berri eman du

IAT gainditu ondoren, txartelean agertzen den balio-data hartuko da erreferentziatzat, eta ez da inola ere zenbatuko alarma-egoeran emandako ziurtagirien luzapena.

Ibilgailuen azterketa teknikoa. Argazkia: EFE
Ibilgailuen azterketa teknikoa
Ibilgailuen azterketa teknikoa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak jakinarazi du zein diren pandemian IAT pasatu behar zuten ibilgailuek izapide hori betetzeko epemugak, baldin eta alarma-egoera hilaren 21ean amaitzen bada.

Epe horretan, ziurtagiri horien baliozkotasuna luzatzea erabaki zen. Hasiera batean, luzapena 30 egun naturalekoa zen, baina geroago luzatu eta malgutu egin zen IATaren iraungitze-dataren arabera.

Horrela, martxoaren 20a baino lehen azterketa egin behar zuten ibilgailuek abuztuaren 5era arteko epea izango zuten, hau da, 45 egun alarma-egoera amaitzen denetik. Martxoaren 21-27 asteko autoek 15 egun gehiago izango lituzkete, 60 guztira, beraz, abuztuaren 20a baino lehen gainditu beharko lukete.

15 eguneko tarte gehigarri hori astetik astera handitzen da, eta, beraz, ekainaren 21a baino lehen iraungiko zen IAT duten autoek 2021eko martxoaren 3ra arteko epea izango dute.

Arau hau alarma-egoeran ikuskapena iraungita duten mota guztietako ibilgailuei aplikatzen zaie, landa-lanetan diharduten nekazaritzako ibilgailuei izan ezik, horien IATaren baliozkotasuna azaroaren 10era arte luzatuko baita.

IAT gainditutakoan, txartelean agertzen den balio-data hartuko da erreferentziatzat, eta ez da inola ere zenbatuko alarma-egoera deklaratzearen eta haren ondorengo luzapenen ondorioz emandako ziurtagirien luzapena.

Azterketa egin bitartean segurtasuna bermatzeko, beharrezkoa izango da maskararekin joatea eta ibilgailutik ez irtetea. Bulegoetan 2 metroko distantzia eta gehieneko edukiera errespetatuko dira, ahal dela txartelarekin ordainduko da eta dokumentazioa "garbiketa-baldintza egokietan" entregatuko da, beste gomendio batzuen artean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak