Ekonomia -
Hauteskunde-programa
Rubalcabak 2.500 milioi jaso nahi ditu aberatsei zergak igota
PSOEren presidentegaiak ondarearen gaineko zerga eta banketxeei ezarritako zerga berritu nahi ditu.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren presidentegaiak 2.500 milioi euro biltzea espero du aberatsenei eta finantzen sektoreari zergak igota.
"Zergak ukituko ditut, bi hain zuzen ere, ondarearen gainekoa eta banketxeena. Ondarearena berritu egingo dut, egungoak erdi mailako klaseari eragiten baitzion batez ere, baina ondare handiak dituztenak dira ordaindu behar dutenak", adierazi du ministro ohiak.
Rubalcabak Ser irrati katean egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, 1.400 milioi euro inguru eskuratuko lituzke Ondarearen gaineko Zergarekin eta 1.000 milioi euro banketxeen zergarekin. Proposamen horiekin lortutako dirua lanpostuak sortzeko erabiliko duela hitz eman du presidentegaiak.
Hala ere, ez du zehaztu zein tresna erabiliko duen lanpostuak sortzeko eta ez du aurreratu zenbat lanpostu sortu nahi dituen, "arriskutsua" baita zenbakiak ematea.