Ekonomia -

KORONABIRUSA

1.050 milioiko laguntzak emango ditu Espainiako Gobernuak ibilgailuak erosteko

550 milioi partikularrei eta erakunde publikoei zuzenean emandako laguntzei dagozkie, eta beste 500 milioi Kreditu Ofizialeko Institutuaren linea bati.

Autoak kontzesionario batean. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Autoak kontzesionario batean
Autoak kontzesionario batean. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak 1.050 milioi euroko laguntzak emango ditu teknologia guztietako ibilgailuak erosteko. Horietatik 550 partikularrei eta erakunde publikoei zuzenean emandako laguntzei dagozkie, eta beste 500 milioi Kreditu Ofizialeko Institutuaren linea bati, industria- eta merkataritza-ibilgailuak erosteko.

Espainiako Gobernuak automobilgintzaren sektorea bultzatzeko prestatu duen planaren barruan daude laguntza horiek, eta Pedro Sanchez presidenteak aurkeztuko du, planaren berri izan duten iturriek jakitera eman dutenez.

Iturri horien arabera, merkatua suspertzeko baliabideen injekzio "errekorra" da, martxoan, apirilean eta maiatzean COVID-19aren pandemiak izandako matrikulazioen beherakadaren ondoren.

"Inoiz ez da kopuru hori injektatu, eta sektorearen eskaera historiko bati erantzuten zaio horrela", diesel eta gasolina ibilgailuak erosteko laguntzak eskatu zituena behin baino gehiagotan, gaineratu dutenez.

Laguntza horiekin, Espainiako Gobernuak krisi ekonomikoaren garaian eskaria sustatzeko bultzatu ziren eta Espainiako ibilgailuen parkea berritzea ekarri zuten PIVE planen filosofia berreskuratuko du, gaur egun Mendebaldeko Europako zaharrenetakoa baita, batez beste 12,5 urte baitituzte.

2012tik 2016ra bitartean indarrean egon ziren zortzi edizioetan, guztira 1.115 milioi euro bideratu zituzten horretara, eta 1.173.035 erosleri egin zieten mesede.

Sanchezek igandean aurreratu zuenez, automobilgintzaren sektorerako plan integralak 3.750 milioi euro ditu guztira, eta inbertsio eta erreforma legalak, ikerketa eta berrikuntzarako pizgarriak, sektoreari lehiakortasun handiagoa emango dion fiskalitatea eta langileentzako prestakuntza eta kualifikazioa hobetzea ditu oinarrian.

Planak erosketa finantzatzeko neurriak jasoko ditu, "bereziki" ibilgailu elektrikoak eskuratzeko, eta laguntzak emango ditu baliabide gutxien dituzten familiak "atzean" gera ez daitezen. Enpresaburuek eta langile autonomoek "erregaian aurreztuz" jasoko dituzte laguntzak, ibilgailuen parkea berritzea erraztuko baita, eraginkorragoa izan dadin, Pedro Sanchezen hitzetan.

"Etorkizuneko ibilgailuek iraganeko ibilgailuen antz gutxi izango dute ingurumenean izango duten eraginari dagokionez", adierazi zuen presidente espainiarrak, eta plan horrek 2050ean zero emisio izateko helburua lortzen lagunduko duela nabarmendu zuen.

Espainiako Gobernuak COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko onartu duen lehen plan sektoriala da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainiako Gobernua Espainia bideoak Gaixotasunak Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Industria Dirulaguntzak Euskadin