Ekonomia -
Ebazpena
Alemaniako Konstituzionalaren babesa jaso du Greziako erreskateak
Unibertsitateko bost irakaslek eta Peter Gauweiler diputatu sozialdemokratak salaketak aurkeztu zituzten laguntzak legez kanpokoak zirelakoan.
Erredakzioa
Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak babestu egin ditu euroaren erreskaterako mekanismoa eta baita finantza arazoak dituzten Euroguneko estatuei emandako laguntzak ere, baina aurrerantzean egin asmo dituzten mekanismoek Parlamentuaren kontrol handiagoa beharko dute.
Alemaniako auzitegiak atzera bota du 2010ean onartu zen Greziako erreskatearen kontrako salaketa, unibertsitateko bost irakaslek eta Peter Gauweiler diputatuak aurkeztutakoa.
Hala ere, etorkizunean onar ditzaketen erreskate planek eta laguntzek Bundestageko Aurrekontuen batzordeak onartu beharko ditu, salbuespenik gabe.
Auzitegiak azpimarratu du ezin dela automatikoki horrelako laguntzak ematea onartu diputatuen eskubideak urratuz, eta aurrerantzean parlamentariek neurri horiek kontrolatzeko eta nahi izanez gero atzera botatzeko aukera izan behar dutela.
Epaileek ebatzi dutenez, euroaren lehenengo erreskate planak konstituzioaren irizpide guztiak betetzen ditu eta Alemaniako Gobernuak bere subiranotasunari eutsi zion Europar Batasunaren barruan.
Hiru salaketa aurkeztu zituzten laguntza horien kontra, Parlamentuak aurrekontuen gainean duen agintea urratzen zuelakoan.
Salatzaileen arabera, Greziari emandako laguntzak bereziki eta euroaren erreskate planak orokorrean Europako Zuzenbidearen printzipio bat urratzen du, estatu batek ezin baitu beste baten zorra bere gain hartu.
Era berean, Europako Banku Zentralak zor publikoa erosi izanak ere beste printzipo bat urratzen duela salatu zuten, EBZk ezin baitu estatu bat finantzatu.