Ekonomia -
Ibilgailu elektrikoa
Gestampek ibilgailu elektrikoa ikertzeko zentro bat zabalduko du Zornotzan
Eusko Jaurlaritzak 8 milioi euroko diru-laguntza onartu du proiektua garatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Gestamp enpresak ibilgailu elektrikoa fabrikatzeko teknologiei eta 4.0 fabrika malguari buruzko bikaintasun zentro bat jarriko du abian Zornotzan (Bizkaia), eta 17 milioi euro inbertituko ditu. Eusko Jaurlaritzak 8 milioi euroko dirulaguntza emango dio proiektuari.
Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan eman du proiektu horren berri Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak Arantxa Tapiak, eta Gestampekin lankidetzarako hitzarmen bat onartu duela gaineratu du.
Datozen egunetan sinatuko dute hitzarmena Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak eta Francisco Jose Riberas Gestampeko presidenteak.
Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duenez, automobilgintzaren "erronka nagusietako bat" da zentro horren sorrera, eta sektore osoan izango du eragina, "lehiakortasuna hobetuz", fabrikazio-prozesuan ikerketaren transferentzia bermatzearekin batera.
Etorkizuneko zentroak ibilgailu elektrikorako trantsizioaren aurrean autoen egitura-aldaketekin lotutako joerak ikertuko ditu. Gainera, ibilgailu elektriko berriaren produktu eta osagai estruktural berriak ere ikertuko ditu, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko CO2 isuriak murrizteko beharraren aurrean eragina murrizteko.
Zentro berritik, ibilgailu elektrikoa fabrikatzeko teknologien barruan berariaz diseinatutako produktu berriak ere garatuko dituzte.