Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
Esfortzu bateratua eskatu du G-7ak krisiari aurre egiteko
G-7ko Ekonomia ministroak Marseillan bildu dira. "Nazioartearen erantzun bateratua eta sendoa" beharrezkoa dela adierazi dute.
Erredakzioa
G-7ko Ekonomia ministroek bilera egin dute gaur Marseillan (Frantzia). "Munduko ekonomiaren hazkundea izaten ari den geldialdia" ikusita "nazioartearen erantzun bateratua eta sendoa" beharrezkoa dela adierazi dute ministroek bilera amaitu ostean.
G-7aren arabera, "hazkunde orekatu eta jasangarri" bat lortzeko "esfortzu bateratu" bat beharrezkoa da, "erronkak" ikusita. "Zerga politika ausartak", salneurrien egonkortasuna lortzeko moneta politikak eta finantza-sistemak eta merkatuak sendotu behar direla azaldu dute ministroek, bileraren amaieran igorritako komunikatuaren arabera.
G-7 Zazpi Handien Taldeko ministroak Marseillan bildu dira gaur hazkunde ekonomikoa bultzatzeko eta munduko merkatuetako krisia baretzeko formulen bila. Kanada, AEB, Japonia, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia Europako zorraren arazoa konpontzeko plan baten bila dabiltza, merkatuak hondoratzea saihesteko.
Munduko ekonomia indartsuenek hazkundeari bultzada ere eman nahi diote mundu mailako atzeraldi berri bat ekiditeko.
Hori guztia jorratzeko, zazpi Estatu aberatsenen ministroekin batera herrialde bakoitzeko banku zentralen zuzendariak ere bilera horretan izango dira. Guztiek batera Europako banku-sistema aztertuko dute, abuztuan gora eta behera ibili ondoren inbertsoreen salmenta handiak direla eta.
Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak anfitrioi eta koordinatzaile lanak egingo ditu. Goi-bilera larunbatean amaituko da.
Ez da komunikaturik egongo
Horrez gain, beste bi gauza aztertuko dituzte ministroek: Barack Obama AEBetako presidenteak aurkeztutako enplegu-plana eta Tim Geither AEBetako Altxorraren idazkariak Europako egoera hobetzeko ekintza eraginkorragoak erabakitzeko egindako eskaera.
Frantziak krisiaren kontrako erantzun koordinatu bat adosteko deia egin dio talde osoari. Gainera, goi-bilera bukatutakoan komunikaturik ez dutela aterako iragarri du Sarkozyren gobernuak, eztabaida librea bultzatu nahi baitu.