Ekonomia -
Europako Banku Zentrala
EBZko ekonomialari nagusiak kargua eman du
Jürguen Stark Espainia eta Italiaren bonoen erosketaren kontra azaldu zen, duela hilabete inguru martxan jarri zena. Starkek "arrazoi pertsonalak" direla medio utzi duela esan dio Tricheti.
Erredakzioa
Jürguen Stark Europako Banku Zentralaren (EBZ) ekonomista nagusiak dimisioa aurkeztu du gaur, ostirala, Espainia eta Italiaren bonoen erosketaren kontra dagoelako. Erosketa abuztuaren hasieran jarri zuten martxan, bi herrialdeen zorren kontrako erasoak baretzeko.
Starkek (2014ko maiatzaren 31ra arte egon behar zuen) kargua "arrazoi pertsonalak" direla-eta utzi duela esan dio Jean Claude-Trichet EBZren presideteari, bankuak ohar baten bidez zabaldu duenez. Dena den, urtea bukatu arte jarraituko du karguan, alegia, bere ordezkoa izendatu arte.
Nazioarteko prentsaren arabera, EBZk bonoak erosteko programa izan da dimisioa emateko arrazoi nagusia. Starkek, horrela, Axel Weber Bundesbanken aurreko presidentearen bidea jarraitu du, EBZren presidentea izateari utzi baitzion Grezia eta Portugalen bonoak erostearen kontra baitzegoen.
Stark inflazioaren kontrako politiken babesle amorratutzat daukate, bonoak erostearen kontra dagoelako, uste baitu EBZen agintetik haratago doala eta moneta politika eta politika fiskalaren arteko tartea txikitzen duela.
Jens Weidmann Bundesbanken egungo presidetea ere neurri horien kontra dago, EBZen konfidantzaren aurka egingo dutelakoan.