Ekonomia -
Renove plan berria
Renove plan berriak 130€ko laguntzak emango ditu etxetresnetan eta 1.500€ leihoetan
2010etik egoera gogorra bizi izan duen sektore bati laguntzea da laguntza horiek helburu nagusia. Guztira, 2,5 milioi euroko bonoak helaraziko dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) uztailaren 1etik aurrera abian jarriko du etxebizitzetan energia aurrezteko plana. Horretarako, kostuaren % 25eko laguntzak emango ditu, eta kalifikazio altuko etxetresna elektrikoetan 130 eurora arteko laguntzak izango dira. Gainera, leihoetan 1.500 euroko laguntzak egongo dira.
EEEak gaur aurkeztu ditu uztailaren 1ean goizeko 08:00etan indarrean sartuko diren 2,5 milioi euroko bi plan horiek, eta eskuragarri egongo dira kupoa bukatu arte edo azaroaren 30era arte. Helburu bikoitza duen plana da: batetik, euskal etxeetan energia aurreztea bultzatzea, eta bestetik, sektore horiei dagozkien saltokien berraktibazio ekonomikoa bultzatzea.
Plan horietako baten jomuga euskal etxebizitzek orain arte dituzten leihoak efizientzia energetiko altua duten leiho berriengatik aldatzea da. Xehetasun teknikoak aurretik zehaztuak egongo dira, Klase 3a edo altuagoa den irazkortasuna izan beharko dute, eta ezaugarri termikoak ere oso zehatzak izango dira.
Hala, leihoen berritzean kostuaren % 25ekoa izango da EEEak ematen duen diru-laguntza, eta etxe bakoitzeko gehienezko laguntza 1.500 eurokoa izango da. Horrez gain, erakunde horren laguntzak ezingo dira beste administrazio batzuen bonuekin bateragarriak izango.
Etxetresna elektrikoei dagozkien laguntzak, bestalde, amaierako prezioaren % 25era artekoak izango lirateke, gailuaren klase energetikoa kontuan hartuta. Gauzak horrela, gehieneko subentzioa 130 eurokoa izango da A+++ klasifikazioko gailuetan, eta 100 eurokoa A++ eta A+ klasekoetan.
Jon Saenz Euskal Herriko etxetresna elektrikoen merkatarien elkarteko presidenteak adierazi duenez, Renove Plan horrek 2010az geroztik gogor sufritzen ari den sektore bati lagunduko dio. Azken bi urte hauetan jarduera % 5ean handitu bada ere, oraindik ez dituzte harrapatu 2008ko krisiaren aurretiko salmentak.