Ekonomia -
Krisiaren aurkako ekitaldiak
CCOOk protestak deitu ditu Euskadin langabeziaren aurka
Unai Sordoren hitzetan, "une zailak" helduko dira oraindik; izan ere, "krisiaren latzena ez da zertan iragana izan".
Erredakzioa
Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak jakinarazi duenez, sindikatuak ekitaldi ugari deituko ditu irailean EAEko hiru lurraldeetan, krisi politikoa, langabeziaren gorakada eta zerbitzu publikoak murriztea salatzeko.
Hedabideen aurrean azaldu duenez, datozen hilabeteotan "une zailak helduko dira oraindik", eta "krisiaren latzena ez da zertan iragana izan"; izan ere, krisia eragin zuten arazoak hor daude oraindik.
Egoera horren aurrean, CCOOk "Martxan jarri" lelopean, kanpaina bat abiatu du. Hilaren 15ean, manifestazioa egingo dute Gasteizen. Michelin eta Mercedes enpresen aurretik igaro eta Eusko Legebiltzarraren aurrean amaituko da.
Hilaren 22an, Aiaraldean egingo dute protesta, langabeziak gorakada handia izan baitu bertan. Manifestazioa egingo dute Amurriotik Laudiora.
Gipuzkoan, hiru manifestazio egingo ditu CCOOk hilaren 19an Donostialdean (Kursaal aurrean amaituko dira), eta Bizkaian, bi manifestazio deitu ditu hilaren 21erako Ezkerraldean, Barakaldo eta Santurtzi udalerrietatik abiatuta Sestaon bukatzeko.