Ekonomia -
EAEko datuak
Prezioek gora egin dute abuztuan eta inflazioa % 2,8an kokatu da
Nafarroan, prezioek behera egin dute eta urte arteko inflazioa % 2,9an geratu da. Espainian, bestalde, laugarren hilabetez jarraian merkatu dira prezioak.
Erredakzioa
Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) gora egin du hamarren bat abuztuan EAEn aurreko hilabetearen aldean, baina urte arteko inflazioa % 3tik % 2,8ra jaitsi da.
Espainiako Estatistika Institutuak jakitera eman duenez, erropan eta oinetakoetan merkatu dira gehien prezioak (% 0,7), baina aisialdian eta kulturan % 1,5 garestitu dira.
Lurraldeka, Araban eta Gipuzkoan % 0,2 garestitu ziren prezioak, Bizkaian % 0,1.
Nafarroako Foru Erkidegoari dagokionez, prezioak % 0,1 merkatu dira abuztuan aurreko hilabetearekin alderatuta. Hori horrela, urte arteko inflazioa % 2,9an kokatu da.
Espainia
Inflazioak behera egin du abuztuan Espainian laugarren hilabetez jarraian eta Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) hamarren bat jaitsi da aurreko hilabetearen aldean. Hori horrela, urte arteko inflazio tasa % 3an kokatu da, 2010eko abenduko mailan.
Datuak ez du bat egiten indize aurreratuarekin, izan ere, inflazioa % 2,9an geratuko zela aurreratu zuten.
KPIren beherakada sendagaien eta farmaziako beste produktu batzuen merkatzeak eragin du batez ere, % 1,2 egin baitu horien prezioak behera.
Azpiko inflazioari dagokionez, prestatu gabeko elikagaiak eta energia produktuak kanpo utzita, tasa % 1,6an geratu da, uztaileko maila berean.