Ekonomia -
EAEko kutxen bat-egitea
Akordioak 'pribatizazioaren ateak' itxiko dituela esan du Bilduk
Martin Garitanoren hitzetan, "lortutako bermeak onak izango dira herritarrentzat".
Erredakzioa
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi du EAEko kutxek (BBK, Kutxa eta Vital Kutxa) eta Bilduk bat-egite hotza gauzatzeko lortutako akordioak "itxi" egingo dituela "pribatizazioaren ateak" eta "bermatu" egingo duela gizarte lana.
Donostian Juan Karlos Izagirre alkatearekin batera eskainitako prentsaurrekoan, Garitanok poza agertu du itunaren harira, lortutako "bermeak" herritarrentzat "onak" izango direlakoan.
Ahaldun nagusiaren hitzetan, gizarte lanari "denbora mugarik" gabe eutsiko diote, kutxen zuzendaritzen akordioak hiru urte baino ez baitzituen aurrez ikusten. Hain zuzen ere, Kutxa Bank erakunde berriaren mozkinen % 30 bideratuko dute gizarte lanera.
Garitanok Bilduren izenean hitz egin du, eta Banatuz plataformak eta LAB sindikatuek euren izenean hitz egin beharko dutela zehaztu du.