Ekonomia -

Babes ofizialeko etxebizitza

Babestutako etxebizitzak eskuratzeko diru-sarreren mugak igoko dira

Agindua indarrean jartzen denetik aurrera, erregimen bereziko eta orkorreko babes ofizialeko etxebizitzen alokairurako eta erosketarako mugak aldatuko dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eta, hortaz, Etxebideren etxebizitza-eskatzaileen erregistroan sartzeko urteko diru-sarrera haztatuen mugak igotzea erabaki du. Gaur eman zaio aditzera Gobernu Kontseiluari Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak onartu duen agindua.

Agindua indarrean jartzen denetik aurrera, erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzen alokairurako 3.000 eta 25.000 euro bitarteko mugak ezarri dira (orain arte gehienez ere, 22.000 euro), eta erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzen erosketarako, 9.000 eta 25.000 euro bitartekoa (orain arte, gehienez ere 22.000 euro).

Halaber, erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen eta zuzkidura-bizilekuen alokairurako muga berria 3.000 euro eta 39.000 euro artekoa da, orain arte, gehienez ere, 35.000 eurokoa zen bitartean.

Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen erosketarako uga berria 9.000 eta 39.000 euro artekoa da (orain arte 35.000), eta etxebizitza tasatu autonomikoen erosketa eta alokairurako, 12.000 eta 50.000 euro artekoa (orain arte erosteko gehieneko muga 45.500 euro zen).

Eusko Jaurlaritzak uste du prezioak eguneratu beharra dagoela eskariaren egiturara eta tipologiara moldatzeko. Babestutako merkatua da herritar gehienentzat etxebizitza eskuratzeko baldintzarik onenak eskaintzen dituena, eta horregatik, neurri honekin babestutako etxebizitzaren eskaintzak ahalik eta pertsona gehienengana iristea lortu nahi da.

Agindua indarrean jartzen denetik, diru-sarrera haztatu horiek babestutako etxebizitza ofizialen esleipendun eta eskatzaile guztientzat hartuko dira kontuan, lehendik hasita dauden hautaketa-prozeduren ondorioz esleitzen diren etxebizitzen kasuan izan ezik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea