Ekonomia -
Burtsen saio hasiera
Europako burtsek ondo erantzun diete Merkel eta Sarkozyren promesei
Ibex 35ek % 1 inguru egin du gora, eta arrisku sariak 350 puntutik behera jaitsi da.
Erredakzioa
Ibex 35 indizeak % 1,28 egin du gora saio hasieran, eta 8.100 puntuko maila berreskuratu du, Alemaniak eta Frantziak Greziari babesa erakutsi ostean. Espainiako Altxorrak gaur zor publikoa jaulki aurretik. Halaber, Frankfurteko (% 1,38), Pariseko (% 0,62), Milaneko (% 0,95) eta Londreseko (% 0,73) burtsek gora egin dute.
Frantziak eta Alemaniak atzo Greziari babesa erakutsi ostean, Europako burtsek gora egin zuten eta Wall Streetek irabaziak izan zituen, hirugarren egunez jarraian. Merkel eta Sarkozy “ziur” agertu ziren atzo Greziaren etorkizuna eurogunean dagoela.
Espainiako Altxorra izango da gaur arreta gunea, obligazioak enkantean aterako baititu, Europan zor subiranoaren merkatua tentsio handiak jasotzen ari denean, 3.000 eta 4.000 milioi euro artean biltzea espero du horrela.
Halaber, Europako Batzordeak Europar Batasuneko herrien hazkunde aurreikuspenak berrikusiko ditu gaur, eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak hori osatzen duten 34 herrietan enplegua aztertzeko urtero egiten duen txostena argitaratuko du.