Ekonomia -

Murrizketa gehiago

Diru Funtsak 'borondate politiko eza' egotzi die 'herri aurreratuei'

Nazioarteko Diru Funtsak finantza-krisia fase "politiko" berri batean sartu dela eta ekonomia aurreratuek ahalegin "koherenteak eta sinesgarriak" egin behar dituztela ohartarazi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko Diru Funtsak finantza krisiak eskatzen dituen neurriak hartzeko borondate eta gaitasun politikorik eza egotzi die herri aurreratuetako agintariei.

Nazioarteko Diru Funtsak mundu mailako egonkortasun finantzarioaren inguruko txosten batean ohartarazten duenez, finantza-krisia fase "politiko" berri batean sartu da, eta ahalegin "koherenteak eta sinesgarriak" eskatzen dizkie ekonomia aurreratuei merkatuetako beldurrak baretzeko.

"Zenbait talkak sistema astindu dute, berriki: euroguneko inguruko herrietako merkatuetan asaldura gehiago sortu dira; AEBetako kreditu-kalifikazioak behera egin du, eta ekonomiaren abiadura moteltzen ari dela sumatzen dugu", dio txostenak.

Hori horrela, "uztailean euroguneak hartutako akordioak atzerapenik gabe abian jartzen direla bermatzea erabat garrantzitsua da"; halaber, "neurri gehiago ezartzea aztertu behar da".

Ildo horretan, "baliteke zenbait bankuk diru gehiago behar izatea", eta "ahulenak berregituratu behar izatea edo suntsiarazte prozesu bat egin behar izatea".

Nazioarteko Diru Funtsaren datuen arabera, euroguneko inguruko herrietako kreditu subiranoaren tentsioek 200.000 milioi euroko eragina izan dute Europar Batasuneko bankuetan, 2010ean zorraren krisiak eztanda egin zuenetik.

Hala ere, Christine Lagardek zuzentzen duen erakundearen arabera, arazoak ez dira soilik eurogunera mugatzen; izan ere, "AEBek eta Japoniak arrisku subiranoari aurre egin beharko diete epe laburreko neurri fiskalen bidez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea