Ekonomia -
Galerak nagusi
Munduko burtsek indartsu egin dute behera
Urteko laugarren beherakadarik handiena izan du Ibex 35 indizeak, % 4,62, eta 8.000 puntuko maila galdu du. Europako burtsetan galerak izan dira nagusi saioaren hasieratik.
Erredakzioa
AEBetako Erreserba Federalak hartu ez dituzten neurriek eragindako desengainuak munduko burtsen beherakada ekarri du, besteak beste, Espainiako burtsarena. Ibex 35 indizeak urteko laugarren beherakadarik handiena izan du, % 4,62, eta 8.000 puntuko maila galdu du.
Horrela, Ibex 35 indizea 7.830,80 puntutan kokatu da saioaren amaieran, baina une batzuetan % 5,31 egin du behera.
Europako burtsetan galerak izan dira nagusi saioaren hasieratik eta itxi baino lehenago Espainiako burtsaren antzeko emaitzak zituzten.
Beherakadarik handienak izan dituzten baloreak kontsumoarekin loturikoak izan dira. Horrela, ArcelorMittal siderurgikak % 8,89 egin du behera. Era berean, finantza-entitateek behera egin dute. BBVA eta Santander bankuek % 5,46 eta % 5 egin dute behera hurrenez hurren.
Asia
Goizaldean Asiako merkatuetan galerak izan dira nagusi eta goizeko lehen ordutik Europako burtsetan gauza bera gertatu da. Parisek % 5,25 egin du behera, Franfurtek % 4,96 galdu du, Londresek % 4,67 eta Milanek % 4,52.
AEBetako Erreserba Federalak ekonomia suspertzeko egitasmo bat iragarri zuen atzo, baina inbertitzaileek desengainua hartu zuten AEBetako aurrikuspen ekonomikoen "arriskuak" ikusita.
Erreserba Federala ekonomiari laguntzeko baliabiderik gabe geratzen ari denaren seinale gisa hartu dute inbertitzaileek.
Saioan zehar jakitera eman diren zenbait datu makroekonomikok ez dute batere lagundu, Txinako industriaren txostenak esaterako. Izan ere, irailean dezelerazio kezkagarri bat izan zuen Txinako indutsriak.
Europan eta AEBetan ekintza falta somatu dute inbertitzaileek eta atzeraldia saihestezina dela dioten datuek merkatuak kaltetu dituzte.