Ekonomia -

Zerrenda

Bilbo, inbertsioa erakartzeko munduko seigarren hiria, 'Financial Times'en arabera

Britainia Handiko talde editorialak mundu osoko hirien indargune ekonomikoak, enpresa-ehuna eta finantza-gaitasunak aztertu ditu zerrenda egiteko.

Bilbo, inbertsio zuzena erakartzeko estrategia oparoena duen seigarren hiria. Argazki: Bilboko Udala
Bilbo, atzerriko inbertsio zuzena erakartzeko estrategia oparoena duen munduko seigarren hiria.
Bilbo, inbertsio zuzena erakartzeko estrategia oparoena duen seigarren hiria. Argazki: Bilboko Udala

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Financial Times Britainia Handiko talde editorialaren arabera, atzerriko inbertsio zuzena erakartzeko estrategia oparoena duen mundu osoko seigarren hiria da Bilbo, tarteko tamainako hirien artean. Gauzak horrela, Europako hirugarrena eta estatuko lehenengoa ere bada.

Zehazki, argitalpen-talde horretako parte den Fdi Intelligence inbertsio-zerbitzu espezializatuak mundu osoko hirien indargune ekonomikoak, enpresa-ehuna eta finantza-gaitasunak aztertu ditu "Tier 2 Cities of the Future 2020/21" zerrenda egiteko.

Fdi Intelligence zerbitzuak bi urtero argitaratzen ditu sailkapen meritokratikoak, eta ospe handia dute nazioartean. Kasu honetan, sailkapenaren xedea da tarteko tamaina duten eta atzerriko inbertsio zuzena erakartzeko estrategian etorkizun handia duten hiriak ezagutzera ematea.

Financial Times taldearen arabera, zerrendan sartu dituzten hiriak, tarteko hiriak, ez dira hiriburuak izan behar eta biztanleen kopurua 200.000 eta milioi baten artean egon behar da. Gainera, oro har, lidergo onagatik, hiriaren marka indartsuagatik eta pentsamolde globalagatik nagusitzen dira.

"Ezaugarri horiei esker, inbestitzaileek mota horretako hirietan jartzen dute arreta, alegia, potentzial handia duten horietan, eta Bilbo horietako bat da", nabarmendu du Udalak ohar batean.

Dena dela, ez da taldeak Bilbo kontuan hartzen duen lehenengo aldia, lehenago ere Europako hiri garrantzitsueneko multzoan sartu baitzuen. 2019. urtean, tarteko tamaina duten Europako hiri onenetakoen multzoan sartu zuen atzerriko inbertsio zuzena jasotzeari dagokionez.

Gainera, 2018an, fDi European Cities & Regions of the Future Awards saria jaso zuen hiriak, eta, horrela, inbertsioa erakartzeko eta atxikitzeko politikak eta jarduketak garatzeko eta negozio-aukerak sortzeko Europako hiri nagusietako bat izatera iritsi zen.

Bilboko Udalak hiri adimendunaren ereduan aurrera egiteko eta ezagutzan oinarritutako garapena sustatzeko egindako apustuaren ondorioz, 2016an, hiribilduak bi sari jaso zituen fDi Strategy Awards sarietan: "Smart City" eta "Education Cluster" sailkapenetakoak, hain zuzen ere.

Financial Times nazioarteko liderra da informazio ekonomikoan, eta hedaide horren zerrendak kalitate-zigilu bat dira argitalpen horietan ageri diren hirientzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Herriak eta Hiriak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Espainia Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kazetaritza