Ekonomia -
Gatazka Nafarroako hezkuntzan
18 eskola-orduak 'aldatzea ezinezkoa da' Iribasen hitzetan
Nafarroa irakasleek eskola ordu gutxien dituzten erkidegoa dela esan du Hezkuntza kontseilariak, Jose Iribasek, eta 18 orduak "aldaezinak" direla adierazi du.
Erredakzioa
Hezkuntza publikoan irakasleek asteko 18 eskola-ordu ematea "aldaezina" dela esan du Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, Jose Iribasek. Espainia osoan ordu gutxien dituzten erkidegoa dela gaineratu du.
Sindikatuek datorren urriaren 22rako deitu duten manifestazioaren inguruan, Iribasek bertara joango direnek eskubide osoa dutela esan du, baina "oso gaizki" egingo dutela.
"Ziur nago, hizkuntza eredu guztietako hezkuntza publiko eta hitzartutako irakasle askorekin hitz egin dudalako, helburu orokorra ikasleei kalitatea eskaintzea dela", esan du Jose Iribasek Iruñeko Andres Muñoz Garde eskolan ikasturte honi ofizialki hasiera eman ostean.
Horregatik, irakasleen erantzuna "arduratsua" izango dela adierazi du, ikasleek "eskatzen duten mailan" egongo direla.
"Ahal duten hezkuntza baliabide gehienak" ematen saiatuko direla azaldu du, baina optimizatzearen garrantzia azpimarratu du.
"Azken urteetan, erakunde, elkarte eta herritar oro gure ahalmenen gainetik bizi izan gara, eta orain, gauzak diru gutxiagorekin egitea dagokigu", gaineratu du Iribasek.
Hezkuntzak duen baliabide onena irakasleak direla berretsi du, eta iraganean egon diren "ezberdintasun eta desakordioez gainetik", ikasleen onurak bilatzen badira beti eskua luzatuko diela esan die.