Ekonomia -
Krisiarekin aberastu
Broker batek esan duenez, 'gauero atzeraldi batekin egiten dut amets'
"12 hilabeteko epean, milioika pertsonaren aurrezkiak desagertu egingo dira", adierazi du Alessio Rastani burtsako agenteak BBCn. Elkarrizketak polemika piztu du eta zeresan handia eman du.
Erredakzioa
Alessio Rastani burtsako agenteak adierazi duenez, "gauero oheratzen naizenean atzeraldi berri batekin egiten dut amets".
BBC telebista katean egin dioten elkarrizketa batean egin ditu adierazpen horiek. Europako erreskate funtsak ez duela balioko esan du, merkatuak beldurraren menpe daudelako eta milioika pertsonen aurrezkiak urtebete baino gutxiagoko epean desagertuko direla.
"12 hilabete baino gutxiagoan, milioika pertsonaren aurrezkiak desagertuko dira" esan du Rastanik. Bere ustez ez da gobernuek egoera ekonomikoa bideratzeko konponbideak emango dituztela pentsatzeko garaia, "politikoek ez dute gobernua zuzentzen, Goldman Sachsek baizik", esan du.
Krisia aberats izan nahi dutenentzat amets bat dela adierazi du, eta gauero atzeraldi berri batekin amets eginez oheratzen dela aitortu du.
Salgadok "erotzat" jo du brokerra
Elena Salgado Espainiako ekonomia ministroak Alessio Rastaniren hitzak moralik gabekoak direla adierazi du eta burtsako agentea "erotzat" jo du.
"Ero honek uste du dirua lortuko duela mehatxu honekin. Ez da eroa bakarrik, moralik gabeko ere bai", salatu du Salgadok RNEn egin dioten elkarrizketan.
Ekonomia eta Ogasun ministroak azaldu duenez, jakina da "krisiaz baliatuz jendea aberastu dela" eta "hori krisi guztietan gertatu da", baina gobernuen lana "arauak" jartzea dela egoera honi esker inor ez dela aberastuko bermatzeko.