Ekonomia -
Mercedes, Gasteiz
Ostiralean berretsiko da Gasteizko Mercedesek sinatutako akordioa
VS20 furgoneta Gasteizen egitea bermatzen duen hitzarmena "etorkizuneko eta egonkortasuneko" akordio bat da eta euskal industrian inbertsioak eragin eta lanpostuak sortuko ditu, enpresaren ustez.
Erredakzioa
Mercedesek Gasteizen duen lantegiaren zuzendaritzak eta UGT, CCOO, Ekintza eta USO sindikatuek lantegiaren iraupena 2024 urtera arte bermatzen deun akordioa sinatu dute, eta ziur aski langileek ostiral honetan berretsiko dute referendum batean.
Roberto Pastor CCOOk enpresa batzordean duen ordezkariak adierazi duenez, VS20 furgoneta Gasteizen egitea bermatzen duen hitzarmena "etorkizuneko" eta "egonkortasuneko" akordio bat da eta euskal industrian inbertsioak eragin eta lanpostuak sortuko ditu.
Enpresak lantegian 170 milioi euro eta azpiegituretan 340 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu duela gogorarazi du Pastorrek.
ELAk, LABek, ESKk eta CGTk, langileen % 49ak, ez dute VS20 furgoneta berria fabrikatzea bermatuko duen hitzarmen kolektiboan parte hartu.
Harremanak hautsi ondoren, Mercedesek, gehiengoa osatzen duten sindikatuekin negoziatzen jarraitu zuen bereizita, UGT, CCOO, Ekintza eta USOrekin, eta joan den ostiralean aurreakordio batera iritsi ziren, gaur gauzatu duten akordiora.
Lan hitzarmenaren kontra
Mercedeseko ELA, LAB, ESK eta CGT sindikatuek bi elkarretaratze deitu dituzte ostegunerako (Gasteizko Arka Plazan 11:30 eta 19:30etan) lantegiak onartutako hitzarmenaren kontra egiteko. Sindikatu hauen esanetan, negoziazio prozesuan ez da demokraziarik izan eta “langileen erdiak ordezkaritzarik gabe geratu dira”. “Bazterketarik gabeko bidezko” hitzarmena bat eskatzen dute.
Enpresaren eta UGT, CCOO, Ekintza eta USO sindikatuen erruz negoziazio mahaitik kanpo geratu direla salatu dute.