Ekonomia -
Espainiako Bankua
Ekonomia ez da hazten kontsumoa geldirik dagoelako
Gastu publikoaren beherakadaren eta Espainiako barne eskariaren beherakadak eragin omen dute hazkunde ekonomikoa ez suspertzea.
Erredakzioa
Espainiako ekonomia oso gutxi hazi zen hirugarren hiruhilekoan barne eskariaren beherakadaren erruz gehienbat, Espainiako Bankuaren hileroko aldizkari ekonomikoan agertzen denez.
Barne Produktu Gordinaren hazkundeak mantsotzen jarraitzen omen du, aurreko hiruhilekoaren joerari jarraiki.
Espainiako Bankuaren arabera, gastu publikoaren eta Espainiako barne eskariaren beherakadek eragin dute hazkunde ekonomikoa ez suspertzea.
Bankuak azpimarratu du hirugarren hiruhilekoan kontsumo pribatua gelditu egin dela, kontsumitzaileen eta txikizkako merkatarien kasuan bezalaxe.
Era berean, matrikulazio kopuruak ez zuen ia gora egin eta iazko antzeko mailan daude salmentak, nahiz eta ez egon ekainera arte izandako beherakadarik.
Miguel Angel Fernandez Ordoñez buru duen erakundeak azaldu duenez, uztaila eta iraila artean industria jarduera ez da suspertu eta Europako Batzordeak aurreikusi du behera egingo duela.
Eraikuntza sektoreari dagokionez, behera egiten jarraitzen du eta etxebizitza berriak eraikitzeko lurzoruak murriztu egin dira.