Ekonomia -

Supermerkatuak

EAEko erosketak, Estatuko garestienak

Getxo da erosketak egiteko Estatuko herririk garestiena. Donostia eta Gasteizko taxiak ere, Espainiako garestienak dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko supermerkatuak Estatuko garestienak dira, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak (OCU) zehaztu duenez. Hain zuzen ere, herri garestienean (Getxo) erosketak egiteak 7.390 euroko kostua dakar hilean, hots, Espainiako batez bestea (6.804) baino ia 600 euro garestiago.

Antonino Joya OCUko Komunikazio zuzendariak azaldu duenez, Alcampo eta Mercadona supermerkatu merkeak EAEn ez egotea da prezio garestien kausa nagusia (Alcampo gutxi dago EAEn, eta Mercadona bat ere ez).

Halaber, Ercoreca supermerkatuak "oso garestiak" direla ere aipatu du. Ikerketa maiatzean egin zuten, baina abuztuan Uvesco taldeak erosi, eta prezioak merkatu egin zituen.EAEko erosketak oso garestiak badira ere, prezioak eta supermerkatuak alderatuz % 37 aurreztu daiteke Bilbon, eta % 26 Getxon.

Marka axola ez bada, aurrezkia % 75ekoa izan daiteke Bilbon eta Barakaldon.

Donostiako eta Gasteizko taxiak, Espainiako garestienen artean

Donostiako eta Gasteizko taxien tarifak Espainiako garestienen artean daude. Hiriguneko errepide batean hiru kilometro eta bost minutuko itxaronaldia (taxi-gidaria semaforoetan geldituta, oso astiro zirkulatuz edo bezeroaren zain dagoen denbora) eginda, 5,62 eurokoa da prezioa Estatuan, batez beste, lanegunetan. Tarifa 7,48 eurokoa (% 33 gehiago) da, batez beste, berriz, jai egun bateko goizaldean.

Donostian mota horretako ibilbide bat egiten duenak 7,18 euro ordaintzen ditu batez beste lanegunetan, eta 8,98 euro jai egun bateko goizaldean. Donostia da gutxieneko prezio altuena duena: 4,93 euro.

Gasteizko taxietan, 6,68 euroko prezioa du hiru kilometroko bidaia horrek lanegunetan, eta 8,85 eurokoa asteburu gauetan. Hiriburu garestienetan hirugarrena da Gasteiz. Horrez gain, itxaronaldietarako tarifa garestiena dute gasteiztarrek: 20,62 euro, orduko. Las Palmas da itxaronaldiengatik gutxien kobratzen duena: 11 euro kobratzen ditu, orduko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea