Ekonomia -
Analisia
Merkelek aurrera egin du
Euroguneko herrialde guztiak ari dira Funtsa zabaltzeari bere oniritzia ematen, baina garrantzia berezia du Alemaniak eman dion baiezkoak. Merkelentzat ere politikoki garaipen garrantzitsua izan da.
Jesus Torquemada
Euroaren etorkizunarentzat ezinbestekoa zen Alemaniak Finantza Egonkortasunaren Europako Funtsa zabaltzeari oniritzia ematea. Euroguneko herrialde guztiek onartu behar dute Funts hori handitzea. Dagoeneko 11k onartu dute, baina Alemaniak zuen giltza. Alemaniak ezezkoa emanez gero Funts horrek ez bait zuen ezertarako balio izango eta euroa arriskuan egongo litzateke.
Alemaniako Bundestagak ordea baiezkoa eman dio eta babes zabalarekin gainera. Urrian zehar falta diren Parlamentuek ere baiezkoa ematea espero da, orduan Funts horrek diru gehiago eta batez ere gaitasun handiago izango du arazoak dituzten herrialdeetako zor publikoa erosteko.
Angela Merkelentzat garaipen politiko handia izan da. Ez da erraza alemaniarrak Funts horren tamaina handitzearen beharraz konbentzitzea. Alemania da diru gehien jartzen duen herrialdea eta orain gehiago jartzea tokatuko zaio.
Merkeli arriskua ez zetorkion oposiziotik, agintean den bere koaliziotik baizik, diputatu demokristatu eta liberal batzuk kontra bozkatzearekin mehatxua egina zutelako, eta etzen baztertzean egoera horretan dimitu eta hauteskundeak aurreratzera behartzea ere. Baina azkenean gobernuan dagoen koaliziotik 15 soilik izan dira kontra bozkatu edo abstenitu direnak. Merkelek Eurora lotu du bere etorkizun politikoa eta oraingoz behintzat garaile atera da.