Ekonomia -
EAEko zerga sistema
Bizkaiak ere errefusatu du Legebiltzarrean fiskalitateaz eztabaidatzea
Gasteizko Ganberak ez duela zerga sistemari buruzko eskuduntzarik gogorarazi dio Foru Aldundiak lehendakariari.
Erredakzioa
Juan Mari Aburto Bizkaiko Aldundiko bozeramaileak ere ezetza eman dio lehendakariari, eta errefusatu egin du fiskalitatea Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzea, Ganberak ez baitu zerga sistemari buruzko eskuduntzarik.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Aburtok Patxi Lopezek atzo politika orokorreko eztabaidan egindako proposamena hartu du hizpide. Hain zuzen ere, fiskalitatea Gasteizko Ganberan eztabaidatzea eta hiru Aldundiek parte hartzea proposatu zuen gobernuburuak.
"Lehendakariak jakin egin behar du erakunde bakoitzak zer eskuduntza dituen, eta jakin badaki Legebiltzarrak ez duela fiskalitateari buruzko eskuduntzarik", berretsi du.
Bestalde, Bizkaiko Aldundiko eledunak "denon artean" harmonizazio fiskalari buruzko akordioa lortzearen alde egin du, Aldundi bakoitzeko gobernuan alderdi ezberdin bat badago ere.
Ondasunen gaineko zerga
Bestalde, Aburtok gogorarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak "Madrilen kendu zutenean" indargabetu zuela ondasunen gaineko zerga: "Guk ez genuen indargabetu nahi, baina gure inguruan gertatzen denak eragina du gurean".
Bere esanetan, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak berriz ezarriko du zerga, aldez aurretik Espainian onartzen badute.