Ekonomia -
Nafarroa
Bilduko alkateek murrizketen aurrean fronte bat egiteko dei egin dute
Koalizio abertzalearen hitzetan, udalen finantziazioa murriztea "herritar guztiak" zigortzea da.
Erredakzioa
Nafarroako Bilduko alkateek murrizketen aurrean "fronte bat" osatzeko dei egin dute gaur prentsaurrekoan, udalen finantziazioko murrizketekin "herritar guztiak" zigortzen baitituzte.
Kirio Gaztearena Atarrabiako alkateak eta Jose Ignacio Bakaikoa Etxarri-Aranatzeko alkateak euskaraz eta gaztelaniaz irakurritako adierazpen batean, koalizio abertzaleak ohartarazi du "adi" egongo direla 2012ko Aurrekontuen aurrean, udaletan izango duten eragina dela eta.
"2012ko Aurrekontuek aurrekoen bidea jarraitzen badute, udal zerbitzuak eta autonomia defendatzeko ekimenak abiatuko ditugu", hala nola mobilizazioak eta mozioak Parlamentuan, azaldu dutenez.
Bilduk ohartarazi du Nafarroako Udalak "porrotaren atarian" daudela, eta zerbitzuak murriztera behartuta egongo direla finantziazioa murrizten badiete.