Ekonomia -
Gaur amaitzen da epea
Eusko Jaurlaritzak ez ditu kupoaren 100 milioi euro ordainduko
2007an gatazka sortu zen Gobernuaren eta Jaurlaritzaren artean Mendekotasun Legearen eta Eskola 2.0 programaren finantziazioa kupoan nola sartu zehazteko, eta horregatik erabaki dute ez ordaintzea.
Eusko Jaurlaritzak ez dizkio Estatuari kupoaren 100 milioi euro ordainduko hirugarren hiruhilekoan. Hiru hilabetean behin Jaurlaritzak kupoa ordaintzen dio Estatuari Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dion zerbitzuagatik, baina aurtengo hirugarren hiruhilekoan ez ordaintzea erabaki du 2007tik duten gatazka batengatik.
Eusko Jaurlaritzaren Ogasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez, gaur amaitu da kupoa ordantzeko epea eta Jaurlaritzak ez du "euro bat bera ere" emateko asmorik.
Gatazka 2007an sortu zen Madrilgo eta Gasteizko gobernuak ez baitziren ados jarri Mendekotasun Legearen eta Eskola 2.0 programaren finantziazioa kupoan nola sartu erabakitzerakoan.
Uztailean, Espainiako Gobernuak ordaindu beharrekoa baino 206 milioi euro gutxiago eman zizkion Jaurlaritzari BEZa orekatzeko eta kopuru horretan 'Rover auzia'gatik Gobernuari itzuli behar zaizkion 435 milioi eurotik 24 sartu zituzten.
Jaurlaritzak ez zuen begi onez ikusi neurri hori eta orain erantzutea erabaki du, aipatu iturriek azaldu dutenez.
'Rover auzia'ri dagokionez, Jaurlaritzak gogorarazi du Arabako Aldundiari dagokiola ordaintzea eta auzia Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren zain dagoela.
Gatazka konpontzen ez bada, Gobernuak berdin erantzun diezaioke Jaurlaritzari datorren hilean, BEZa orekatzeko Gasteizi ematen dion diru kopurua murriztuta.