Ekonomia -

COVID-19aren ondorioak

Espainiako Gobernuak ez du argitu funtzionarioen soldata izozteko asmoa duen ala ez

Carmen Calvo lehen presidenteordeak esan du auzia duenez, auzia "ez dago mahai gainean", baina Ogasun ministroak eta Ekonomia gaietakoak ez dute ezeztatu nahi izan.

Montero, atzo, Kongresuan. Argazkia: EFE
Montero, atzo, Kongresuan.
Montero, atzo, Kongresuan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Aztertzen ari diren gai bat", ministro batzuen hitzetan; "mahai gainean ez dagoen gai bat", beste baten ahotan. Halaxe, mezu kontrajarriak emanez heldu zion atzo Espainiako Gobernuak han eta hemen aukera gisa aipatzen hasi den auziari: funtzionarioen soldatak izoztuko ote dituzten

Maria Jesus Montero Ogasun ministro eta bozeramailea izan zen hitz egiten lehena. Kongresuan egindako adierazpenetan azaldu zuenez, "herrialdeak egoera oso konplikatua du begi aurrean, eta aukera guztiak aztertu behar dira. Baliabideak mugatuak dira eta Funtzio Publikoko eta Lurralde Politikako Ministerioa horren harira ari da lanean, aukera guztiak aztertzen".

Bestalde, Nadia Calviño Ekonomia gaietako ministro eta hirugarren presidenteordeak elkarrizketa batean esan zuen "erabakiak faktore ezberdinak kontuan hartzen" hartuko direla. Pandemia garaian langile publikoek egindako "lan eskerga" goraipatu zuen Calviñok, baina era berean, azken urteetan "erosahalmena irabazi" dutela azpimarratu zuen.

Oso bestelakoa izan ziren Carmen Calvo lehen presidenteordearen adierazpenak: "Ez. Ez dago mahai gainean. Estatuko Aurrekontu Orokorren proposamen bat dugu mahai gainean, eta Kongresuko alderdiei eskatu diegu laguntzeko". 

Azkenik, Jose Luis Escriva Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak azpimarratu zuen berak ez zuela aukera horren berri.

Lurralde Politika eta Funtzio Publiko Ministerioak Europa Pressi baieztatu dionez, aurrekontuen lege-proiektua onartu arte "ez da ezertxo ere erabakiko".

Espainiako Estatu osoan ezarri beharrekoa

Araua, onartzekotan, Estatu osoa ezarri beharko litzateke, 2010ean Zapateroren gobernuak agindutako % 5eko beherakadarekin jazo zen bezala, baita Rajoyren exekutiboak  ezarritako izozteekin ere. 2012an abenduko aparteko soldata kendu zieten funtzionarioei, gerora berrezarri bazieten ere. 

Sindikatuak oso kritiko azaldu dira, eta azken urteotan erosahalmena asko jaitsi dela ohartarazi dute.

Ildo horretan, ELA funtzionarioen soldata izoztearen kontra azaldu da, eta Gobernuari egindako galderetan erantzunik jaso ez duela salatu du. Sindikatu abertzalearen esanetan, langile publikoen erosteko ahalmena % 13 jaitsi da 2010etik. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Murrizketak Funtzionarioak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Soldatak Koronabirusa Medikuntza albisteak