Ekonomia -
Bankuen komisioak
Zor txartelak % 15 garestitu dituzte bankuek
Irailaren amaieran, Espainiako finantza erakundeek 19,89 euro kobratzen zizkioten batez beste bezero bakoitzari, zor txartelagatik.
Erredakzioa
Espainiako finantza erakundeek % 15 garestitu dute, batez beste, urte honetan zor txartela izateagatik kobratzen duten komisioa; kreditu txartela izateagatik, erdia igo dute.
Espainiako Bankuak ordainketa zerbitzuei buruz emandako azken datuen arabera, irailaren amaieran, Espainiako finantza erakundeek 19,89 euro kobratzen zizkioten bezero bakoitzari batez beste zor txartela izateagatik, 2010. urtea amaitzear zegoela kobratzen ziena (17,30 euro) baino 2,6 euro gehiago.
Gainera, bankuek eta kutxek batez beste 36,93 euro kobratzen zizkieten kreditu txartelagatik euren bezeroei batez beste. Iazko abenduaren 31n, 34,39 euro ordaintzen zituzten, batez beste. Bezero guztiek ez diote kopuru bera ordaintzen euren banku edo kutxei zerbitzu beragatik; zor txartelen kasuan, gehieneko komisioa 30 eurokoa zen irailaren 30ean, duela bederatzi hilabete ordaintzen zena baino bost euro gehiagokoa. Minimoak (4,51 euro), aldiz, ez du aldaketarik izan.