Ekonomia -

Zorraren krisia

Etorkizun ekonomikoa Alemaniaren esku uztea aztertuko du gaur Europak

Hain zuzen ere, herrialde osasuntsuenek ekonomia suspertzeko plan mugatuak sustatu behar dituzten eztabaidatuko dute Hogeita zazpiek.

Europako Ekonomia ministroak berriz batzartuko dira gaur. EITB
Europako Ekonomia ministroak berriz batzartuko dira gaur. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko 27 Ekonomia ministroak batzartu egingo dira gaur, estatu kide bideragarrienek (Alemania, Suedia eta Finlandia, kasu) ekonomia suspertzeko plan mugatu bat abiatu behar duten eztabaidatzeko. Helburua, murrizketa planek suspertze ekonomikoa galaraztea saihestea.

Hain zuzen ere, 2009an Hogeita zazpiek adostutakoa berrikusiko dute. Orduan, ekonomia suspertzeko neurriak beranduenez 2011n kentzea hitzartu zuten. Horrela, EBk amore eman dute AEBen eta Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) aurrean, neurriz kanpoko herstura planak susperraldia moteltzen ari direlakoan.

Eztabaida Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak proposatuta egingo dute.

Horren ildotik, Ekonomia ministroek berretsiko dute erreskatatutako herrialdeek (Grezia, Portugal eta Irlanda) eta Europako Banku Zentralari laguntza eskatu diotenek (Italia eta Espainia) murrizketak egiten jarraitu behar dutela, defizit helburuak betetzeko. Gehiegizko defizita izateagatik espedientea ireki dieten herrialdeek (Frantzia tartean) herstura eta aurrezki bidean jarraitu behar dute.

Estatu kideek presio egingo diete ekonomia osasuntsuenei (Alemania, Herbehereak, Suedia, Finlandia eta Luxenburgo), batik bat Berlini, susperraldiaren motorrak izan daitezen.

Nolanahi ere, badirudi gaur ez dutela plan handirik adostuko. Gai hori berriz eztabaidatuko dute G20 taldeak Cannesen (Frantzia) azaroaren 2an eta 3an egingo duten bileran. Bertan, herrialde azaleratu berriei ere eskatuko diete munduko ekonomia suspertzeko neurriak ezartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea