Ekonomia -
Iraileko langabezia datuak
Lan ministerioak erkidegoei egozten die neurri batean langabezia datua
Estatuko Lan idazkariak hezkuntza eta osasun sailetan egindako murrizketei leporatzen die datua, baita sasoi turistikoaren bukaerari ere.
Erredakzioa
Iraileko langabezia datuaren igoera "gogorra", erkidego batzuetan hezkuntza eta osasunerako gastuan egiten ari diren murrizketa "latzei" leporatzen dio Estatuko Lan idazkariak, Mari Luz Rodriguezek. Gainera, sasoi turistiko onaren amaiera ere aipatu du, eta aurretik lan gabe zeudenen eta irailean zerrendetan izena eman dutenen igoeragatik.
Gizarte Segurantzaren idazkariarekin, Octavio Granadorekin, batera eman duen prentsaurrekoan, sektore publikoan egiten ari diren doitze neurriak "eragin zuzena" dutela esan du Rodriguezek, eta datu zehatzik ez duten arren, "PPko erkidego guztiak zaku berean sartu ezin diren arren, horiek dira murrizketa gehien egiten ari direnak", adierazi dute.
Administrazio orokorretako murrizketek 15.200 langabe gehiago eragin dituztela esan du Estatuko Lan idazkariak, batik bat osasun sailean, zahar-etxeetan eta menpekotasuna dutenak zaintzen dituztenen sailetan.
Hauei sektore turistikotik datozen langabeak gehitu behar zaizkie, "sasoi bikaina itxi ostean" langabezian gelditu direnak. Rodriguezek esan du langabe berrien % 25 ostalaritza eta jatetxeetatik datozela; 23.500 langabe gehiago.
Gainera, lehenagotik jada lanik gabe zeuden beste 19.000 lagunek eman dute izena zerrendetan irailean, urtero irailean gertatu ohi den bezala, baina aurten " bereziki esanguratsua" izan dela esan du Estatuko Lan idazkariak.
Iraileko langabeziaren datuak lehengo urtekoak baino "okerragoak" direla onartu du Mari Luz Rodriguezek, "gogorrak" direla eta "zaila" dela adierazi du.