Ekonomia -
Elikagaien prezioak
Zitrikoak, irailean gehien garestitu diren elikagaiak
Laranjak eta limoiak izan dira irailean gehien igo diren elikagaiak, nahiz eta limoiek urtetik urterako beherakada handiena izan duten, % 26,26.
Erredakzioa
Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak eman dituen datuen arabera, Kanarietako platanoen prezioa berriz jaitsi da irailean (% 5,38, abuztuko prezioarekin alderatuta) eta limoiak eta laranjak izan dira gehien garestitu direnak (% 7,71 eta % 4,55, hurrenez hurren).
Platanoen ostean, gehien merkatu diren produktu freskoak A mailako txahalkia (% 4,46), tipula (% 3,92) patatak (% 3,03) eta udareak (% 1,61) izan dira.
Igoeren artean, lekak ( % 2,82), bakalada (% 2,73) eta antxoa (% 2,54) ere aipatu behar dira.
Iazko irailarekin alderatuta, gehien garestitu diren elikagaiak txitxarro arrunta (% 10,82) eta bakalada (% 7,56) izan dira, irailean urtez urteko inflazio tasatik (% 3,1) oso urrun, INEk gaur aurreratu duen datua kontutan hartuta.
Bestalde, urtez urteko jaitsierarik esanguratsuenen artean, limoiak (% 26,26 merkatu dira), entsaladarako tomateak (% 13,15), tipulak (% 13,15), laranjak (% 11,92), legatza (% 7,74) eta A mailako txahalkia ( %5,78) daude.
Ontziratutako produktuen prezioak izan dira egonkorrenak; arroza % 1,21 igo da azken hilabetean, % 1,20 espagetiak, % 1,28 saltxitxak eta izoztutako menestra % 1,14.
Aurreko urtearekin alderatuta, ekilore olioaren garestitzea nabarmendu behar da, % 17,27, azukrea % 13,27 igo da eta edateko kafea % 11,69. Merkatze handienak moldeko ogiak (% 7,19) eta izoztutako legatzak (% 3,87) izan dituzte.