Ekonomia -

Iraileko langabezia datuak

Datuak udako kontratuen amaieragatik direla uste du Eusko Jaurlaritzak

Irailean Euskadin 1.177 pertsona gehiago izan dira langabezian; aurreko hilean baino % 0,84 gehiago eta, guztira, 141.906 ziren enplegu eskatzaileak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabeziak irailean izan duen igoera txikiena izan da 2008. urtetik hona. Gainera, Euskadin langabeziak izan duen hazkundea Espainiako bataz bestekoa baino ia hiru aldiz txikiagoa da; izan ere, Estatuan % 2,32 igo baita, eta 4.226.744 langabetu izatera iritsi baitira. Gizarte Segurantzako afiliazioa, berriz, hazi egin da EAEn, 1.944 afiliatu gehiagorekin, eta 918.700 dira egun afiliatutakoak.

Araban 153 langabetu gehiago daude (% 0,70); Gipuzkoan 161 (% 0,40), eta hazkunderik handiena Bizkaian izan da, 863 enplegu-eskatzaile gehiagorekin (% 1,10).

Javier Ruiz Plangintza eta Enplegu sailburuordeak datuak aztertu ditu, eta adierazi duenez, "nahiz eta oraindik Estatuko batez bestekoaren oso azpitik gauden, eta 2008. urtetik hona izandako irail onena izan den, langabezia hazi egin da, eta 141.906 herritar daude lanik gabe Euskadin. Beraz, ahalegintzen jarraitu behar dugu lana aurkitu eta langabezia utzi dezaten".

Adin-tarteen arabera, 562 enplegu-eskatzaile gehiago daude 25 urtetik beherakoen artean. Hazkundea dago, baita ere, 25 urtetik 45ra bitartekoen artean, 121 gehiago baitira langabetuak, eta 45 urtetik gorakoen artean, berriz, 494 gehiago.

Irailean, emakumeen langabeziak gora egin du uztailarekin alderatuta; izan ere, 816 emakume langabe gehiago izan dira (% 1,11). Gizonen artean, berriz, igoera % 0,54koa izan da (361 gizonezko).

"Datu horiek agerian uzten dute langabeziaren igoera zerbitzuen sektorean sortu dela batez ere, udako kontratuen amaieragatik, baita aurretik lanik egin ez duten eta lan-merkatura sartu nahi dutenen artean ere. Azken datu horrek aditzera ematen du herritar aktibo gehiago daudela", adierazi du Ruizek.

Euskal Autonomia Erkidegoa eboluzio onena izan duen laugarren erkidegoa da, % 0,84ko hazkundearekin, Errioxa, Gaztela-Mantxa eta Kanariar Uharteen atzetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea