Ekonomia -

Iruñea

Volkswagenek 263 langileren kontratuak etengo ditu Landabenen

Azken urteetan izan den langile murrizketarik handiena da. Zuzendaritzak esan duenez, ekoizpen soberakina dutelako eta auto eskaria jaitsi zaielako hartu behar izan dute neurria.

Volkswagenen Landabengo fabrika. Argazkia: EITB
Volkswagenen Landabengo fabrika.
Volkswagenen Landabengo fabrika. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Landabengo Volkswagen enpresak eten egingo ditu aldi-baterako 263 langileren kontratuak. Enpresak eman dituen argudioen arabera, produkzioak behera egin du eta ibilgailu asko dago ekoiztuta. Azken urteetan Nafarroako Volkswagenen izan den langile murrizketarik handiena da oraingoa.

Udaberrian 400 langile berri hartu zituen Landabengo Volkswagenek auto gehiago egin ahal izateko, eta orain erdiak baino gehiago bota ditu, larunbateko txandakoak.

Nafarroako Volkswageneko zuzendaritzak adierazi duenez, obra edo zerbitzuko kontratuak zituzten aldi baterako 263 langile kaleratzeko erabakia ekoizpen soberakinak eragin duela eta ez dela inolaz ere alarma kausa bezala ulertu behar. 

Natalia Vera lantegiko komunikazio arduradunak esan duenez, Landabengo konpainiak bi urte daramatza ekoizpen errekorrak gainditzen. Hala, iaz 336.336 Polo egin zituztela azaldu du, "orain urte batzu pentsaezina zen kopurua", erantsi du.

Ekoizpenaren igoera zela eta zuzendaritzak 1.000 pertsona baino gehiago kontratatu behar izan zituela azaldu du Verak, eta orain, aurreko urteekin alderatuta egoera "normalago" batera iritsi diren garaira itzuli direla argitu du, ondorioz zuzendaritzak langile kopurua egokitu behar izan duela esan du.

Zuzendaritzaren erabakia espero zen, orain dela aste pare bat egutegi berria onartu zutelako Landabenen malgutasun neurriak ezabatuz. Ordurako Volkswagenek iragarria zuen ia bederatzi mila auto gutxiago egingo zituela, baina edozein gisatan historiako kopururik handiena: 350.000 auto urtean.

Auto eskaria ere heren bat jaitsi zaiela diote enpresako ordezkariek, orain dela urtebete 60.000 auto saltzetik 40.000 saltzera pasa direlako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea