Ekonomia -
Euskal Kutxen Lege-proiektua
Gipuzkoak ez du Kutxen Legearen kontrako helegiterik aurkeztuko
Martin Garitano ahaldun nagusiak, ordea, Bilduri proiektuaren negoziaketan parte hartzen utz diezaiotela eskatu du, nahiz eta koalizioak Legebiltzarrean ordezkaritzarik ez izan.
Erredakzioa
Gipuzkoako Aldundiak ez du Euskal Kutxen Legearen kontra helegiterik aurkeztuko, bere ustez, ez du inoren "eskumenik urratzen". Hala ere, Martin Garitano ahaldun nagusiak Bildu Lege-proiektuaren negoziaketan kontuan hartzeko eskatu du, nahiz eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritzarik ez izan.
Bizkaiko Aldundiak, berriz, atzo iragarri zuen gaur Kutxen Legearen kontrako helegitea aurkeztuko zuela Batzorde Arbitralaren aurrean, 41. artikuluak "lurralde historikoen eskuduntzak urratzen" dituela iritzita.
Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak Legebiltzarrak ez duela "euskal gizarte osoa ordezkatzen" azpimarratu du, ezker abertzaleak Alderdien Legea dela eta ezin izan zuelako bere hautagaitza aurkeztu.
Horrexegatik, "negoziaketa horretan ardura dutenei" Bildu elkarrizketetan sartzeko eskaera egin die, nahiz eta Legebiltzarrean ordezkaritzarik ez izan.