Ekonomia -
Erreforma fiskala
'Confebaskek hanka sartu du proposamen desegokiarekin', PSEren ustez
Bilduren ustez, ere, proposamen horiek "arduragabekeria hutsa" dira, "krisi egoera sortu duen sisteman sakontzea" ekarriko dutelako.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako PSE-EEko bozeramaileak, Jose Antonio Pastorrek uste du Confebaskek, EAEko enpresarien patronalak, "hanka sartu" duela erreforma fiskalaren proposamenarekin. "Oso desegokia" dela uste du Pastorrek.
"Enpresariek gutxiago eta langileek gehiago ordaintzea nahi duen errezeta proposatzea ez da morala", adierazi du buruzagi sozialistak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.
"Langileak dira, langabetuak batik bat, krisiaren eraginak ordaintzen ari direnak", adierazi du Pastorrek.
Confebaskek proposatu duen erreformak sozietateen errenten gaineko zerga murriztu nahi du, eta enpresek Gizarte Segurantzarako kotizazioak murriztea.
"Erabat kontra nago", esan du Pastorrek eta "harrituta" dagoela onartu du. "Confebasken zereginak kritikatu gabe, eta euskal enpresarien lana gutxietsi gabe, uste dut proposamen honekin hanka sartu dutela".
Buruzagi sozialistak esan du une honetan gastua gutxitu behar dela, eta diru-sartzeak "behar diren bezala" handitu behar direla, "erosteko ahalmen handiagoa duten alde eta sektoreetatik".
Bildu: 'Arduragabekeria hutsa da'
Confebaskek egindako proposamenak "arduragabekeria hutsa" direla esan du Bilduk, proposamen horiek "krisi egoera sortu duen sisteman sakontzea" ekarriko dutelako.
Koalizioak deitiratu egin du euskal patronalak "ezertarako balio ez duten errezetak baino ezer hoberik ez izatea, errezeta horiek Ongizatearen Estatua desegitea ekarriko luketeelako".