Ekonomia -
Zergen erreforma
Gipuzkoa zerga sistemaren erreformarako neurriak prestatzen ari da
Gipuzkoako Aldundiak urtea amaitu baino lehen onartu nahi du proposamena. Besteak beste, PFEZaren araudian, ondarearen eta oinordetzen gaineko zergetan.
Erredakzioa
Zerga sistemaren erreformarako neurriak prestatzen ari da Gipuzkoako Aldundia sistemaren "berdintasuna, ekitatea eta efizientzia" lortzeko eta "zergen baliabideak eta kargak" hobeto banatzeko.
Urtea amaitu baino lehen onartu nahi du proposamena Aldundiak ohar baten bidez adierazi duenez. Lan-errenta eta kapitalaren errenta duten zergen-zamak parekatzeko bidean pausoak eman nahi ditu proposamenak. Horretarako, hiru arlotan lanean ari direla esan dute: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) araudian, 2011 eta 2012rako ondarearen gaineko zergaren berreskurapenean eta oinordetzen gaineko zergan.
PFEZaren araudiaren inguruan, "oinarri orokorreko tarifan bi tarte berri jartzea" ikertzen ari da Aldundia: 120.000 eurotik gora % 47ko zergen tasa; 175.000 eurotik gora %50ekoa. Orain arte, 62.000 eurotik gorakoak % 45eko zerga tasa izan dute.
"Aurrezki-oinarrirako tasa berri bat" ere proposatzen du: 1.500 euroraino % 20a, eta % 24a besteentzat. Egun, kopuru guztientzat % 20a da.
Ohiko etxebizitza erosteagatik dedukzioak ere kontutan hartzen dituzte neurri berri hauek, "30.000 euroko kreditu fiskalarentzat, % 15a". Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetarako ekarpenen mugetan ere aldaketak aurreikusten ditu proposamenak, izan ere, aurrerantzean " oro har 5.000 euroko muga egongo da, kirolarientzat baita ere, eta ezingo da 65 urtetik gora ekarpenik egin".
Bestalde, sindikatu-kuota, kuota dedukzio izatetik oinarriaren murrizketa izatera pasako da, eta " errenta-irregularrak" aztertuko dira.
Ondarearen gaineko zerga berreskuratzearen inguruan, Aldundiak indargabetu baino lehen, indarrean dagoen "oinarrizko" erredakzioarekin suspertu nahi du.
Oinordetzaren gaineko zergan, senitarteko zuzenen eta ezkontideen herentzien salbuespenak ezabatuko dira.