Ekonomia -
Greziako krisia
Papandreu, Van Rompuy eta Juncker erreskatea berrikusten ari dira
Azaroaren hasieran 8.000 milioi euroko premiazko laguntza desblokeatzeko gomendioa eman dute Europar Batasuneko eta NDFko ikuskariek, ezinbestekoa baita Greziak porrot egitea saihesteko.
Erredakzioa
Yorgos Papandreu Greziako lehen ministroa Bruselan dago, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentearekin eta Jean-Claude Juncker Eurotaldeko liderrarekin bilerak egiteko. Bilera horietan Greziaren erreskatea berrikusi eta Europako liderrek urriaren 23an egingo duten goi-bilera prestatuko dute, Greziako Gobernuak asteazkenean baieztatu duenez.
Goizean, Papandreu Van Rompuyrekin bilduko da, eta arratsaldean, berriz, 17:30ean, Junkerrekin, jakitera eman duten agendaren arabera.
Europar Batasuneko eta Nazioarteko Diru Funtseko ikuskariek azaroaren hasieran 8.000 milioi euroko premiazko laguntza desblokeatzeko gomendioa eman eta gero egingo dituzte bilerak, ezinbestekoa baita Greziak porrot egitea saihesteko. 2010eko maiatzean onartutako 110.000 milioi euroko lehen erreskatearen seigarren zatia izango da.
Bigarren erreskatearen berrikusketa
Era berean, Europako liderrak 109.000 milioi euroko bigarren erreskatea berrikusten ari dira, iragan uztailean adostutakoa, bankuen ekarpena handitu eta Atenasen zorraren zama arintzeko.
Junckerrek berak onartu duenez, bankuei eskaria egingo diete greziar bonoen zor kitatzea uztailean adostu zuten % 21 baino handiagoa izateko. Aditu batzuen arabera, % 50ekoa izan liteke.
Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak Greziarentzako "konponbide sendoa" eskatu zuen asteazkenean, urriaren 23ko goi-bilerari begira. "Greziaren etorkizunaren inguruko zalantzak eta ezegonkortasuna egonkortasuna mehatxatzen ari dira, Eurogune osoan eta harago", ohartarazi zuen.