Ekonomia -

EAEko fiskalitatea

Euskal Finantzen Kontseiluak zatituta hasi du gaurko bilera

Hiru ahaldun nagusiek eta Jaurlaritzak 2011ko diru-bilketa itxi eta 2012koa aurrez ikusten ari dira. Halaber, ikusteke dago erreforma fiskalean aurrera egiteko gai izango diren.

Hiru ahaldun nagusiak, politika orokorreko eztabaidan. EFE
Hiru ahaldun nagusiak, politika orokorreko eztabaidan. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Finantzen Kontseilua batzartuta dago 11:00etatik. Bertan hiru ahaldun nagusiak eta Carlos Aguirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua daude.

Gai zerrendan, 2011ko diru-bilketa ixtea eta 2012koa aurrez ikustea. Halaber, ikusteke dago balizko erreforma fiskalaren inguruan aurrerapausorik egiteko gai izango diren.

Gai hori, hasiera batean, korapilatsuena izango da, aldundi bakoitza alderdi ezberdin baten esku baitago.

Gaurko bilera hiru ahaldun nagusiak gai honen inguruan elkartuko dituen lehena da.

Haiekin batera, Eusko Jaurlaritza izango da. Ez du eskuduntzarik zerga sisteman, baina ideiak eta proposamenak baditu. Izan ere, Patxi Lopez lehendakariak ohartarazi du gaurko sistemarekin ez dela diru nahikoa biltzen.

Euren aldetik, foru aldundiek uste dute erreforma sakon eztabaidatu ezean, jarduera ekonomikoa kaltetu egingo dela.

Aldundiek urtea amaitu arteko epea dute politika fiskal berria adosten saiatzeko.

Bestalde, Aldundiek esperotakoa baino 700 milioi euro gutxiago bildu dituzte aurten, eta ondorioz, murrizketak egin beharko dituzte.

Zifra hori ofizial egin eta gero, murrizketak non egin erabaki beharko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea