Ekonomia -
LANA
Akordioa lortu dute Cementos Rezolan aldi baterako lan erregulazioa erretiratzeko
LAB sindikatuak akordioa lortu du zuzendaritzarekin eta, ondorioz, Añorgako, Arrigorriagako eta Malagako lantegietako 324 beharginak lanera itzuli dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
LAB sindikatuak akordioa lortu du Cementos Rezola konpainiako zuzendaritzarekin, apiriletik 324 langileri eragiten zien aldi baterako lan erregulazioa erretiratzeko. Ondorioz, urriaren 9tik Añorgako, Arrigorriagako eta Malagako beharginak lanean ari dira.
Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, Añorgako, Arrigorriagako eta Malagako 324 langileak apiriletik zeuden aldi baterako lan erregulazioan: 106 Añorgan, 94 Arrigorriagan eta 114 Malagan. LABen esanetan, aldi baterako lan erregulazioak ez zeukan "inolako oinarririk" eta pandemia garaian horiek tramitatzea eta aplikatzea "erraza" izaten ari delako gertatu da. Hori dela eta, sindikatuak auzitara jo zuen espedientea "bidegabea" zela iritzita.
Salatu duenez, aldi baterako lan erregulazioak iraun duen bitartean enpresa langile horiek azpikontratatutako langileekin ordezkatzen ahalegindu da. Gauzak horrela, mobilizazioak eta lanuzteak egin dituzte.
Azkenean LABek eta zuzendaritzak akordioa lortu dute, Auzitegi Nazionalean urriaren 8an egitekoa zen epaiketa ez egitearen truke aldi baterako lan erregulazioa erretiratzeko.
Bestalde, aldi baterako lan erregulazioan egon diren langileei soldata konpentsatu egingo zaie.